Noticia

  • Arjun Makhijani Energia eta Ingurumenaren Ikerketarako Institutuko zuzendaria «Nuklearrak ez dira inondik inora klima aldaketa gelditzeko alternatiba»

    2008-07-09
    Partekatu - Compartelo

    berria 2008.07.09 Ia berrogei urte daramatza Arjun Makhijanik (1945, New Delhi) nuklearren inguruan ikertzen, eta denbora horretan zerbait ikasi badu da teknologia nuklearrak ez duela etorkizunik. Halaxe dio Carbon-Free and Nuclear-Free -Karbonorik gabe eta nuklearrik gabe- izeneko bere azken liburuan, non energia berriztagarriaren aldeko defentsa egiten duen. Klima aldaketa gelditzea posiblea dela pentsatzen du, baina horretarako denon parte-hartzea ezinbestekoa dela uste du.

    Zenbait gobernu klima aldaketaren mehatxuaz ari dira baliatzen energia nuklearra bultzatzeko. Uste duzu benetako alternatiba dela?

    Askok diote energia nuklearra garbiagoa dela, baina kontuan hartu behar dugu zertaz ari garen «garbiagoa» diogunean. Egia da ez duela bestelako erregai fosilek adina gas isurtzen; baina aldi berean, hondakin arriskutsuak sortzen ditu, eta gaur egun, oraindik, gizakiak ez du asmatu hondakin horiek desagerrarazteko modurik. Dena den, nuklearrak ez dira inondik inora klima aldaketa gelditzeko alternatiba. Badira batere kutsatzen ez duten bestelako energiak, haizea edo eguzkiarena, esaterako. Herrialde asko ohartu dira horiek erabiltzearen abantailaz, eta jada, abian jarri dituzte teknologia berriak. Kalifornian, adibidez, eguzkiaren argia erabiltzen duten hainbat zentral jarri dituzte.

    Orduan zergatik defendatzen ditu Mendebaldeak nuklearrak?

    Mendebaldean ere badira nuklearrak apurka kentzen ari diren herrialdeak. Alemanian, esaterako, bestelako teknologia lehenesten hasiak dira. Egia da, baita ere, Frantziak eta Erresuma Batuak zentralak eraikitzen jarraitzen dutela, baina hori ez da irtenbidea eta eurek ere badakite. Hala ere, litekeena da interes ekonomikoak direla medio bultzatzea teknologia nuklearra. Kontua da ekonomia aldetik ere askoz garestiagoa dela, horregatik garatzeko bidean dauden herrialde askok bestelako metodoen alde egin dute. Begira bestela Afrika edo Hego Amerikara, oso-oso gutxi dira teknologia nuklearra dutenak. Hori guztia, energia mota horren arriskuak aipatu gabe. Nork ez du Txernobil gogoratzen?

    Zein da, beraz, irtenbidea?

    Argi eta garbi dago irtenbidea ez dela inolaz ere erreaktore nuklearrak eraikitzea, izugarrizko gastua eragiten baitute. Izan ere, ez da bakarrik horiek eraikitzea eta lanean hastea, horiek sortzen dituzten hondakinak ere kudeatu behar dira. Ondorioz, garatzeko bidean dauden herrialdeentzat, teknologia garbia garestia bada ere, ez da inoiz teknologia nuklearra bezain garestia izango. Eta hortaz konturatu behar dute herrialde aberatsek.

    Uste duzu G8koak gai direla klima aldaketari irtenbidea aurkitzeko?

    Ez dut uste G8koek gauza handirik egingo dutenik; are gutxiago AEBak tartean egonda. George Bush ez da inoiz kezkatu klima aldaketaz, eta orain agintaldia amaitzear duela ez da horretan hasiko. Agian, gobernu berriarekin gauzak aldatuko dira. Izan ere, bai hautagai demokratak eta baita errepublikanoak ere neurriak hartzearen alde hitz egin dute. Era batera edo bestera, uste dut G8koen goi bilera ez dela klima aldaketaz hitz egiteko foro egokia, agintariek, azkenean, beren interesak defendatzen dituztelako. Eztabaidarik egin behar bada gizarteko ordezkariek egin behar lukete, baina ez herrialde aberatsetakoek bakarrik, baita garatzeko bidean daudenek ere.

    Uste duzu gizartea benetan konturatzen dela klima aldaketak dakartzan ondorioez?

    Hori da AEBetako arazoa, alegia, gizartea ez dela gerta daitekeenaz konturatzen. Horren adibide da, bioerregaiak defendatzen dituztela alternatiba gisa, eta horrek egoera okertzeko bestetarako ez du balio. Izan ere, artoa edo garia gisako laboreak erregaia egiteko erabiltzeak ez du ezer konponduko; alderantziz, goseak dagoen jendearen egoera okertuko du, eta gainera, labore horiek hazteko lurrak basoak soilduz lortzen dituztenez, berotegi efektua areagotzen dute. Era batera edo bestera, gauza bat nabarmendu nahi dut, teknologia garbia garatzea eta klima aldaketa gelditzea posible da bakoitzak gure aldetik ahalegina egiten badugu.


    Partekatu - Compartelo