Noticia

  • Se presentaran mociones contra la línea de alta tensión

    2015-11-15
    Partekatu - Compartelo

    goi tentsio altuko linea 2015 azaroaIturria: Berria.

    Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak proiektuaren inguruan agertu duten isiltasuna salatu du Autopista Elektrikorik Ez plataformak.

    Espainiako Gobernuak argindarra garraiatzeko 2015 -2020 arteko plangintza onartu zuen joan den hilean; tartean dago, Ezkio-Itsaso (Gipuzkoa) eta Deikaztelu (Nafarroa) batuko dituen goi tentsioko argindar linea. 400.000 watt-eko potentzia duten kableak pasatu nahi dituzte bi herrialde horietako 172 herritatik. Autopista Elektrikorik Ez plataformak iragarri duenez, udaletan proiektuaren aurkako mozioak aurkeztuko dituzte bihar hasi eta urtea bukatu arte. 2013an egin zuten legez, udal gobernu berriek ere proiektuaren aurka agertzeko aukera izango dute.

    Atzo egin zuten agerraldia, Iruñean. Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari emandako hitza ez betetzea eta isilik egotea leporatu diete. Alberto Frias bozeramaileak azaldu zuenez, bi gobernuekin bilerak egin izan dituzte. Izan ere, linea eraiki nahi duen REE Red Electrica de Españak aurkeztutako proiektuan moldaketak egiteko aukera izan dute biek. Eusko Jaurlaritzan «hitz onak» entzun zituztela gogoratu du. Nafarroako Gobernuaren, kasuan, Yolanda Barcina eta Lourdes Goikoetxea presidente eta presidente ohiekin elkartu ziren. «Proiektua babesten zuten, baina Madrilera joan ziren Deikazteluko azpiestazio elektrikoa eskatzera. Madrilek onartu duen planean ez da halakorik aipatzen, eta, gainera, abenduko hauteskundeetarako euren eskaera onartu ez duen PPrekin akordioa egin dute». Hala ere, «haserre eta kezka handiagoa» eragiten die gaur egungo Nafarroako Gobernuaren jarrerak.

    Friasen esanetan, gobernua osatzeko akordioetan goi tentsioko linearen inguruko gogoeta jaso zuten. «Halakorik behar den edo ez aztertuko zutela adostu zuten. Agintaldiko lehen ehun egun horiek aspaldi igaro ziren, gobernu guztiei ematen zaien badaezpadako epea, eta oraindik ez dute hitz erdirik esan».

    Gobernuari eusten dioten alderdi guztiak kritikatu ditu. Dioenez, udaletan guztiek hartu dute goi tentsioko linearen aurkako jarrera. «Herritarren aurrean ezin bestela egin». Baina gobernuan, ostera, alderdi horiek berak oraindik isilik daudela salatu du.

    Espainiako Gobernuak onartutako planean Nafarroa eta Landak arteko beste linea bat aipatzen dela ere ohartarazi du. Eraikitzeko aukera legokeela dio planak, eta ez du zehazten zein herritatik igaroko litzatekeen.

     


    Partekatu - Compartelo