Duela urtebete Usurbilen eta maiatzean Oiartzunen eta Hernanin martxan jartzekoa den atez ateko zabor bilketa zeresan handia ematen ari da. Eguzkikook eta mugimendu ekologistak osotasunean bat egin du herri hauen ekimenarekin
izan ere gure etxetako hondakinei irtenbide bat emateko biderik eraginkorrena, gutxien kutsatzen duena, lanpostu gehein sortzen duena eta aztarna ekologikoari begira elkartasun gehien adierazten duena da.
Eta Andoainen zer egiten ari gara? Ba, iaz udalbatzak, Ezker Batuaren ekimenez, atez ateko bilketaren inguruan bozketa egin zuen eta Alberdi guztiek(PSE, PNV, PP, H1) , EB izan ezik aurka bozkatu zuten. Horren ordez 5. edukiontzia delakoa, materia organikoa edo zaborraren zati ustelgarria biltzeko erabiliko dena jartzearen aldeko apostua egin zuten. Apostu bai baina presarik ez dirudienez, ez baitago data zehatzik sistema hau ezartzeko.
Bitartean, beste batzuk, lasterketan gabiltza zaborraren kudeaketaren inguruko neurri egokiak – gure ustez atez atekoa egokiena – har daitezen, errausgailurik ez eraikitzeko. Hori baita bilketa mota baten eta bestearen atzean dagoena: atez atekoarekin, 0 ZABOR sortzearen bidean gabiltza eta ondorioz, errausgailuaren eraikuntza ekiditen – eta berau eraikitzea kostako den milaka miloiak -; bostgarren edukiontziaren alde egiten dutenak berriz, duten presa bakarra ERRAUSGAILUA eraikitzearena da – gainontzeko neurriak, bostgarren kontenedorearena barne, data zehatzik gabe daude -. Udalak, Tolosaldeko mankomunitateak eta Aldundiak bostgarren edukiontzia errusgailuari lotzen jarraitzen duten bitartean, ezin dugu bostgarren edukiontziaren lan ildoa onartu.
Eta etzazuela pentsa errausgailuaren kontu hau –nahiko gai sentibera izanik -, meatxu edo izu moduan aipatzen dugunik: Andoaingo Udalak, Gipuzkoako gainontzekoak bezalaxe milaka euro asko emanak ditu dagoeneko errausgailu hori eraiki ahal izateko. Bien bitartean herritarrok ez dugu inongo informaziorik jaso errausgailuari lotuta datorren zabor bilketa mota horren inguruan, ezta andoaindarroi kostako zaiguna azaldu edo /eta ingurumenean naiz osasunean sortu ditzaken kalteai buruz ere. Ah, eta errausketa zaleak zabortegien aurka badaude, non pilatu behar dituzte errautsak, erabilitako iragazkiak…?
Ez genuke bukatu nahi idatzi hau, gai honen inguruan gutxienez xelebretzat jotzen dudan egoera bat aipatu gabe. Maiz mugimendu ekologista edo era orokorragoan esanda, herri mugimenduak izan gara herritarren parte hartze zuzena bermatzea, erreferuduma eta horrelakoak eskatu izan ditugunak eta gehienetan denari kontra egiteaz eta EZ esateaz salatu izan gaituzte alderdi politiko gehienak. Bada, kasu honetan atez ateko zabor bilketa herritarrak eskatu eta bultzatu dute, eritzi emate eta partaidetza bideak ireki dira eta beti konsulta eta ERREFERENDUMAREN AURKA daudenak – gogoratu Txingudiko errausgailuaren ingurukoa debekatu zutela, baita Boroako termikarena edo AHTren ingurukoak – orain horixe eskatuz ari dira – Hernanin bereziki -.