Atez ateko sistema hondakinak kudeatzeko erarik merkeena da
2010-06-19
Partekatu - Compartelo
Jordi Colomer Sanmarko Mankomunitatearen aholkularia Gipuzkoako Merkataritza Ganberan izan zen atzo atez ateko hondakin bilketak dituen abantaila ekonomikoen berri ematen
Jordi Colomer Sanmarko Mankomunitatearen aholkularia Gipuzkoako Merkataritza Ganberan izan zen atzo atez ateko hondakin bilketak dituen abantaila ekonomikoen berri ematen. Bilketa eta kudeaketa gastuak eta joera ekonomikoa kontuan hartu zituen, baita sortzen diren lanpostuak eta sailkapena ondo egiteko har daitezkeen neurri fiskalak ere. Horrez gain, errausketari buruz aritu zen. Jordi Colomer Katalunian dagoen «zerga berdea»ren inguruan mintzatu zen. Horren arabera, errefusa zabortegira botatzen duten herriek tasa bat ordaindu behar dute. Gero, irabazitako dirua bilketa ondo egiten duten herrien artean banatzen da. Colomerrek, adibide gisa, Hernanik, zerga berdearen irizpideen arabera, tona bakoitzeko 60 bat euro jasoko lituzkeela aipatu zuen, adibide gisa. Esan zuenez, Katalunian zerga berdea 2004ean ezarri zenetik organiko kopurua bikoiztu egin da. Ildo horri jarraituz, tasa justuaren ideia plazaratu zuen. Colomerrentzat ur kontsumoa neurtzeko erabiltzen den kontagailuaren antzeko zerbait behar da bakoitzak botatzen duen zaborraren arabera ordaintzeko. Kontagailu hori atez atekoa da, horrela bakarrik jakin baitateke nork botatzen duen zabor gehiago eta nork gutxiago, pisu edo bolumena kontuan hartuta. Abantaila ekonomikoez gain, atez ateko sistemaren malgutasuna nabarmendu zuen Colomerrek. Zabor bilketaren gastua eta zerbitzuak herri bakoitzaren araberakoak dira. Herri batek bilketa bi egunetan egiten badu, bost egunetan egiten duenak baino gutxiago ordainduko du. zabortegien tasa Hondakinen bilketa eta kudeaketarako, 1998an %5,5eko tasa ordaindu behar zuten udalerriek, eta urtez urte gora egin du etengabe; egun %21ekoa da, beraz, zabortegietan utzitako zabor-tona bakoitzeko 130 euro ordaindu behar da. Ikerketen bidez material gehiago birziklagarri izatea lor daiteke Atez ateko sistemaren abantaila ekonomikoei buruzko jardunaldiaren ondoren, Jordi Colomerrek salatu zuen errauste planta birziklatzearen aurkako proiektua dela. Bere ustez, erraustegiek zaborra behar dute aurrera egin ahal izateko, eta horregatik zaborra sortzera bultzatuko dituzte herritarrak, hain justu, errazen erretzen dena material birziklagarriak direlako. Horrez gain, atez atekoarekin birziklatu ezin daitezkeen hondakinekin zer egin daitekeen proposatu zuen. Bere hitzetan, aukera onena errauste plantan erabiliko den 400 milioi euroko aurrekontua material birziklaezinak birziklagarri bilakatzeko ikerketak egitera zuzentzea da. Hala ere, horrela, birziklatu ezin den zaborra geldituko litzateke, %5a hain zuzen ere. Horri konponbidea emateko, ekoizpen prozesua aldatzea proposatzen du, birziklaezinak diren materialak debekatuz. Sistema hau jarraituz erabilitako material guztiak birziklagarriak izango lirateke eta zaborra desagertu egingo litzateke. Ohiturak aldatzea beharrezkoa dela ere ohartarazi zuen. Birziklapena bultzatzeaz gain, zabor gutxiago sortzeko ahalegina egitea. Horrela, ontzi txikiak dituzten produktuak erosi beharrean, ontzi handia duen produktu bakar bat edo ontziratu gabeko produktuak erostea gomendatu zuen, horrela gutxiago birziklatzeko.