Albistea

  • Bizkaiak agerian uzten du EAJ biluzik dagoela Gipuzkoan zabortegien auzian

    2015-03-19
    Partekatu - Compartelo

    Artigaseko zabortegi ondoko baso eta erreka plastikoz beteta daudela salatu du Eguzkik URAren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Departamentuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Birziklatzera eraman behar ziren hondakinak ez ziren birziklatzera eraman, eta, gero, huts nabarmen baten ondorioz, inguruetan sakabanatu ziren. Gauzak horrela, zabortegi ondoko mendiak zabortegiaren beraren zati bat dirudi (Berria).
    Zabalgarbiko eremua
    Hura gertatu zenetik hilabate baino gehiago pasatu da, baina erakundeek ez dute parajea lehengoratzeko neurririk hartu, eta, gaia aipatu zaienean erakutsi duten jarrera ikusita, ez dirudi hartzeko asmorik dutenik ere. EAJk gobernatutako erakundeak dira. Gipuzkoan zabortegiekin zerikusia duen edozer dela eta, sekulako zalaparta sortzen duen EAJ berberaz ari gara. Izan ere, EAJk Gipuzkoan protesta egiten du zabortegiak ixten ez direlako, baina baita ixten direnean ere (horra hor Urteta). A zer eskandalua plastikoena Artigasen ordez Sasietan gertatu izan balitz! (Edo iazko apirilean Berriatuan detektatutako Q sukarra Lapatxen agertu izan balitz!).

    EAJk hondakinak erraustearen aldekoa da, eta dagoeneko agindu du Zubietako proiektua martxan jarriko duela hurrengo hauteskundeetan Gipuzkoako gobernua berreskuratzen badu. Alabaina, proiektu txikixeagoa izango da, alde batetik, lehengoa neurriz gainekoa zelako (kostata, baina azkenean publikoki ere hori onartu behar izan dute jeltzaleek) eta, bestetik, Gipuzkoan azken urteotan birziklatzearen alde egindako lanak, kontraesanak kontraesan, inork gutxik espero eta, jakina, errauskailuzaleek desio baino askoz emaitza hobeak lortu dituelako.

    Errauskailuak ez du fama onik, ordea, ezta atez atekoaren kontra muturreko jarrerak erakutsi dituzten hainbat herritarren artean ere. Batez ere errauskailutik gertu egongo liratekeen herrietan, esaterako, Usurbilen, Lasarte-Orian edo Andoianen. Horregatik EAJ saiatzen da bere apustua leuntzen errauskailua zabortegien “alternatiba” dela sinestaraziz. “Begira –esaten diote desinformatuta harrapatu nahiko luketen herritarrari–, errauskailua eraikiko dugu, baina, trukean, ez da gehiago zabortegi premiarik egongo”. Izan ere, zabortegiak dira etxe atzeko patioan inork nahi ez duen beste azpiegitura horietako bat. Horra hor zergatik azken urteotan EAJ sutsu baino sutsuago ari den zabortegien kontra, betiere baldin eta Gipuzkoan badaude, noski.
    vertedero zabalgarbi
    Bada, EAJk sinestarazi nahi duen ideiaren aurrean, behar bezainbestetan errepikatuko dugu errauskailuak ez duela inolaz ere zabortegien beharra baztertzen. Izan ere, errauskailuak sortzen dituen errauts eta zepak botatzeko zabortegiak behar dira. Are gehiago, errauts eta zepa horiek arriskutsuak direnez, ohiko zabortegien ordez, zabortegi bereziak behar dira. Irakurleak ez du guk esandakoa zertan itsu-itsu sinetsi, baina gauzak horrela direla egiaztatzeko, Bizkaiko egoerari begiratu bat bota baino ez du egin behar. Izan ere, Bizkaiko hondakin politikak Zabalgarbiko errauskailua du oinarri duela hamar urtetik. Eta horregatik desagertu al dira zabortegiak? Inola ere ez. Zabalik jarraitzen dute, eta zabalik jarraituko dute urte askoan, gainera. Horren frogarik argiena da Bizkaiko Foru Aldundiak aurten bertan Artigaseko zabortegia handitzeko lanak lehiaketara atera izana. Lan hauek zabortegia beste 26,5 urtez zabalik mantentzea ahalbidetuko dute. Hau da, 2041. urtera arte! (Deia).

    Orduan EAJk ez du leku guztietan zabortegien kontrako jarrera sutsurik? Ez, Gipuzkoan bakarrik, “kasualitatez”, gehien birziklatzen duen herrialdean. Bizkaian, berriz, zabortegiak mantentzen eta handitzen ditu, ikusi dugun bezala, eta, gainera, ez dirudi haien kudeaketan aplikatzen duenik Gipuzkoan aldarrikatzen duen zorroztasuna. Horren lekuko da Artigasen salatu berri dugun plastiko botatzea, baina hori ere peccata minuta da beste zenbait kasurekin alderatuta. Horra hor, Zallako Las Lagunaseko zabortegia. Udalak, irregulartasun ugari atzeman ondoren, ixteko eskatu du. Portzierto, irregulartasun horietako bat Zabalgarbiko zepak bertan bota izana da (Zallako Udala).

    Bai, Bizkaiko ispiluari begiratu baino ez zaio egin behar konturatzeko EAJ biluzik dagoela Gipuzkoan zabortegien kontra sutsu baino sutsuago ari denean. Zabortegiaren kontra sutsu baino sutsuago eta, oroz gain, errauskailuaren alde ERRE KE ERRE. Kontua da ez birziklatzea.

    Eguzki, 2015eko martxoan


    Partekatu - Compartelo