Zubietako errauste plantaren aurkako Aire Garbia plataforma aurkeztu dute
2015-10-28
Partekatu - Compartelo
Zubietako errauste plantaren proiektuak Lasarte-Oriako herritarren artean sortzen duen kezkaren ondorioz, Aire Garbia plataforma eratu dute hainbat herritarrek. Gaur aurkeztu dute plataforma Lasarte-Oriako Kultur Etxean, eta ozen aldarrikatu dute ez dutela arrisku egoera bat nahi herritarrentzat. Ildo horretan, bi aukeraren artean hautatu behar delakoan da plataforma: aire zikinari aurre egiteko mozorroa eta Lore-Errota. Taldeak garbi utzi du bere hautua: Lore-Errota.
Aire Garbia plataformak ez du ontzat jotzen erraustegia, eta proiektu horrek sortzen duen ezinegona aipatu du, besteak beste, etorkizunean hainbat minbizia eta bestelako gaitzen sortzaile izan daitekeelako. “Beste herri batzuetan nahi ez dutena ere ez dugu nahi hemen”.
Ildo horretan, hainbat ekintza iragarri ditu hurrengo egun eta asteetarako. Besteak beste, mozio bat aurkeztu dute udaletxean, eta harekin bat egiteko eskatu diete Lasarte-Oriako alderdi politikoei. Mozio horretan, errauste plantaren proiektua bertan behera uzteko eskatu diote Diputazioari eta mankomunitateei. Bestetik, azaroaren 21ean manifestazio bat egingo dute Lasarte-Orian.