Trenak bi emakume harrapatu zituen lehengoan pasonibel honetan. Horietako bat hil egin da. Argazkia: Gara, Monika del Valle/Argazki Press
Zoritxarrak Zorrotza bisitatu berri du, orain dela gutxi Areta bisitatu zuen bezala, eta lehenago Hernani, Andoain eta pasonibelak dituzten beste hainbat herri bisitatu zituen bezala. Izan ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoan 200 pasonibel baino gehiago daude, horietako 100 inguru barrerarik gabekoak.
Begirada guztiak Estatuko Gobernuari zuzentzen zaizkio, kontu-eskean edo. Azken batean, bera da FEVEren eta RENFEren zerbitzuek pairatzen duten urtetako inbertsio-gabeziaren erantzulea. Eta gabezia horren ondorio da oraindik pasonibelak egotea, pasonibelen arazoak, arrisku nabarmena izanik, aspaldi konponduta egon behar zuen arren.
“Pixkanaka lurperatzen ari gara, baina ezin ditugu guztiak gauetik goizera desagerrarazi”, dioskute, arazo hori bart arratsean sortua balitz bezala. “Dirua ere mugatua dugu”, gehitzen dute. Abiadura Handiko Trenean inbertitzeko, aldiz, badago dirurik, eta ez gutxi. Falta den dirua justu ohiko trenbideak hobetzekoa da, alegia, herritar gehienek egunero erabiltzen dituzten trenbideak hobetzekoa.
Eta esaten ari garen hau guztia Eusko Jaurlaritzari ere badagokio. Zeren eta Jaurlaritzak, egunotan Estatuko Gobernuari begira kontu-eskean ari direnetako bat bada ere, antzetsu jokatzen baitu. Estatuko Gobernuari AHTko lanak azkartzeko dirua eskaintzen dio, baina ez omen zaio bururatu eskaintza bera egitea ohiko trenbideak hobetzeko.
Jakina, AHT “estrategikoa” da eta, ondorioz, lehentasunezkoa. Ohiko trenbideak, berriz, ez, edo ez pasonibelak lehenbailehen lurperatzeko bezainbeste. Pasonibel horiek tarteka –beti denok nahi baino maizago– larrutik ordainarazten badigute ere.
Eguzki, 2016ko abenduan
P.S. Zorrotzako Auzo Elkarteak eta Zorrotzako Koordinadorak deituta, astelehenean, abenduak 12, manifestazio bat egingo da auzoa zeharkatzen duen trenbidea lurpera dezatela eskatzeko. Osasun Zentrotik abiatuko da, arratsaldeko 7etan.