5. edukiontziak ez du 2014tik adostutako helburua bete.
Prentsan ikusi dugu Andoaingo Udala osatzen duten alderdiek, hondakin bilketaren inguruan eta bereziki urrian martxan jarri zen 5. edukiontziaren inguruan egin duten balorazio baikorra. Zabaldutako informazioan oinarrituta, balorazio sakonago bat egiteko datu asko falta direla ikusita ere, Eguzkitik bat bateko balorazio bat egin nahi izan dugu.
Lehenik eta behin, zoriondu behar ditugu, 5. edukiontzia erabiltzen ari diren andoaindar guztiak, hala nola auzo konposta edo etxean konposta egiten duten guztiak ere. Andoaingo bizilagun arduratsu hauei bere lan eredugarri horretan jarrai dezatela eta ahal badute sakon dezatela eskatu ere eskatuko diegu.
Bostgarren edukiontziaren erabilpenaren ondorioz, gaikako bilketa %29,76-tik %45,6-ra igaro da. Zalantzarik gabe albiste ona da baina aurreikusitakotik urrun geratzen da, izan ere Hondakinen Mahaian 2016an %60ra iristea jarri baikenuen helburutzat, 2014an. Beraz gure balorazioa honakoa da.
– Erabaki hori hartu genuenetik (Hondakinen Mahaian Eguzkik ere parte hartzen baitu, beste eragile batzuekin batera), bi urte terdi igaro dira eta uste dugu neurriak mantxo eta irrika gutxirekin hartzen ari direla udalean. Izan ere, Gipuzkoan ia azkenak izan gara materia organikoa era bereizian biltzen.
– Andoaingo Udaleko alderdiek elkarrekin egiten duten balorazio ere eskasa da.
– Hobetu behar dela esaten dute baina ez dute zehazten zein neurri aurreikusten duten, diru gehiago gastatu behar duen Udalak sensibilizazio kanpainatan… Ez dakigu zerbait egiteko asmorik badute baina proposatu,ez dute ezer proposatzen.
– Adibide onak nahi badituzte hor dituzte Debagoienako herriak, eskualdean %80 bueltan dute birziklatze tasa, herri gehienetan 5. edukiontzia erabiliz.
– Eta ez dute baloraziorik egiten, txipak izan dituen arazoez, txartel faltaz, hobariez, auzo konpostaren emaitzez …
Auzo konpostaia bere balorazioan Udalak kontuan izan ez duen gaietako bat da eta kritikagarria dela iruditzen zaigu.
Gure ustez, lehen birziklatzen zutenak modu egokian batu dira organikoaren bereizketara, ordea orain arte birziklatzen ez zutenak, bosgarren edukiontziak ez du lortu bide onera ekartzea eta batere birziklatu gabe jarraitzen dute. Askotan esan dugun moduan azken hauek, batere birziklatzen ez dutenak, dira arazoaren parte garrantzitsuena, ez dira neurri berrietara egokitzen, bere borondatez kutsatze jarraitzen dute eta ia doan.
Proposatzen dugu bosgarren edukiontziaren ezarpenetik sei hilabete igarotakoan Hondakinen Mahai deitu eta beharrezkoa bada formula berriak aztertu eta gutxieneko %60 horretara iristeko bide orria eztabaidatu eta adostea, gutxieneko konpromezu hori eskatzen diegu alderdiei.