Albistea

  • Zelai errekako saneamendua, hamar urte geroago, berriz ere mahai gainean

    2019-03-20
    Partekatu - Compartelo

    Zelai errekak Oriarekin bat Tolosan egiten du, Zubi Berri parean (argazkian, ezkerreko zubi-begitik). 2009an hainbat saneamendu-lan egin ziren Ibarran, baina Berrobi, Elduain eta Berastegikoek egin gabe jarraitzen dute.

    Zelai errekak Oriarekin bat Tolosan egiten du, Zubi Berri parean (argazkian, ezkerreko zubi-begitik). 2009an hainbat saneamendu-lan egin ziren Ibarran, baina Berrobi, Elduain eta Berastegikoek egin gabe jarraitzen dute.

    Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak Zelai edo Berastegi errekako saneamendua  hozkailutik atera dute, eta, orain dela gutxi ezagutzera eman duten Akordio Marko berri baten zirriborroaren arabera, 2021rako bukatuta edo oso aurreratuta, behintzat, egon beharko luke.

    Hozkailutik atera dutela esan dugu 2007an beste Akordio Marko bat sinatu zutelako, eta, haren arabera, Zelai errekako saneamendu-lanak 2011rako bukatuta egon behar zirelako.

    Baina azken hamar urteotan ez da ezer ere egin, Jaurlaritzak ez duelako bete lanok % 100ean finantzatzeko hartu zuen konpromisoa. Zoritxarrez, horixe bera gertatu da Gipuzkoan beste hainbat saneamendu-proiekturekin.

    Akordio Marko berriaren arabera, berriz, Jaurlaritzak dagoeneko ez du aurrekontuaren (4,75 milioi euroren) % 100 bere gain hartuko, % 75 baizik. Hamar urte alferrik pasatzen utzi ondoren, merkatze hori zuzena ote den duda egin daiteke, baina, tira, Eguzkikooi, behintzat, bost axola digu zein erakundek ordaintzen duen (azken batean, guztiek erabiltzen dute diru publikoa). Guretzat garrantzitsuena da neurriak har ditzatela Zelaiko ur zikinak Oriara inolako tratamendurik gabe joan daitezen behin betiko eragozteko.

    2021eko epe berria beteko ote den? Aurrekariak ikusita, eszeptikoak izateko arrazoi guztiak ditugu. Dena dela, egia da ere 2016ko Plan Hidrologikoak Zelai errekako saneamenduaren zati bat, behintzat, 2027ra arte atzeratu zuela, hau da, praktikan, agendatik at utzi zuela. Akordio Marko berriaren bidez, berriz, berriro agendan jarri dute, eta, horregatik besterik ez bada ere, albiste ona kontsideratu beharko dugu.

    EGUZKI, 2019ko martxoa


    Partekatu - Compartelo