Albistea

  • Belartza 2n merkataritza-gune erraldoi berri bat ezartzeko parte-hartze prozesua itxurakeria hutsa izan da

    2018-03-15
    Partekatu - Compartelo

    belartza_webUdalak Belartza 2ren inguruko parte-hartze prozesua egin zuen asteartean, pleno-aretoan. Hala deitu zion, behintzat, batere konplexurik gabe, antolatu zuen ekitaldiari: parte-hartze prozesua. Belartza 2 Añorgako nekazari-eremu bat da, Lasartetik eta Usurbildik oso urruti ez dagoena, eta bertan 200.00 metro koadrotik gorako merkataritza-gune berri bat ezarri nahi dute. BESTE BAT! Horretarako, baina, gaur egun indarrean dagoen Plan Orokorra aldatu egin behar da. Hain justu, astearteko ekitaldiaren bidez aldaketa horren tramitazioari hasiera eman nahi izan zion Udalak. Auzokoek eta Belartza 2 gelditu! plataformako kideek, berriz, gogor salatu zuten ekitaldia, itxurakeria hutsa izan zelako. Informazio zehatzagoa nahi izanez gero, jo honako esteka honetara:

    http://belartza2gelditu.blogspot.com.es/

    Testu honen buruan jarri dugun argazkian, gorriz inguratuta, merkataritza-gune berriak okupatuko lukeen eremua. Begi-bistan dago ezer gutxi urbanizatutako eremua dela, non zelaiak eta baso txikiak tartekatzen diren.

    Irakurlea Belartza 2 zehatz-mehatz non dagoen errazago jabetu dadin, argazkiari zenbaki batzuk erantsi dizkiogu:

    1. 1 Harrobi zaharra, gaur egun Mercadonak eta McDonald’sek okupatua.
    2. 2 Urbilgo biribilgunea.
    3. 3 Decathlon, gaur egun Belartza poligonoa deitzen dugun eremuan.
    4. 4 Hirubide.
    5. 5 Oasa fabrika zaharra.
    6. 6 Vascongada Ehorztetxea, Errekalde.

    Belartza 2 2016az geroztik da polemika-iturri. Urte hartan, aldameneko eremu batean Mercadona bat eta McDonald’s bat eraikitzen ari zen enpresak Belartza 2 hainbat tona lur eta harri uzteko erabili zuen. Erreka bat kaltetu eta pistak ireki ere egin zituen. Den-dena, legez kanpo. Auzokoek eta ekologistek egoera behin eta berriro salatu zuten arren, Udalak ezikusiarena egin zuen harik eta esku hartzea beste erremediorik izan ez zuen arte. Eta orduan ere halamoduz jardun zen. Inork gertaera haiei buruzko memoria freskatu nahi badu, honako testu hau irakur daiteke:

    http://eguzki.org/2016/06/21/belartzan-hainbat-tona-harri-legez-kanpo-botatzeagatik-5-000-euroko-isuna/

    logo b2b


    Partekatu - Compartelo