Albistea

  • Iraeta-Narrondo bidegorria, oraingoan bai?

    2023-12-10
    Partekatu - Compartelo

    Uno de los dos túneles del viejo ferrocarril del Urola que es preciso reabrir para que pueda pasar por ellos el bidegorri.

    Bidegorria eraiki ahal izateko egonkortu behar diren bi tuneletako bat.

    Urolako Bide Berdea osatzea ahalbidetuko duen Iraeta-Narrondo bidegorriaren proiektua BERRIZ ERE aurkeztu dute Iñaki Arriola Garraio sailburuak eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak. Eta BERRIZ ERE aurkeztu dute inolako autokritika edo etengabeko atzerapenei buruzko azalpenik gabe.

    Zergatik esan dugu proiektua BERRIZ ERE aurkeztu dutela? Arriolak berak eta Rafaela Romero diputatuak –Asensiori foru bidegorrien gaineko ardura pasatu dionak– proiektu hauxe bera 2022ko otsailaren 24an aurkeztu zutelako. Orduan, Iraetako geltoki zaharrean egindako agerraldi batean, lanei 2023ko hasieran ekingo zietela iragarri zuten (Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Urolako trenbide zaharraren Iraeta-Narrondo tartea bidegorri bihurtzeko lankidetza adostu dute, aurreko proiektua hobetuz – gipuzkoa). Lanak ez ziren urte hasieran hasi, bistan denez. Lehen atzerapena izan balitz, tira. Ez zen, ordea, lehen atzerapena. 2019an, Aldundiak lanak urte hartan bertan hasiko zirela esan zuen. Atera kontuak.

    Eta zergatik esan dugu proiektua aurkeztu dutela BERRIZ ERE autokritika-zantzu txikienik gabe? Bada, lanei urte hasieran –agindutako epean, alegia– ekin ez zietelako, batetik, baina, bestetik, Zumaiako eta Zestoako alkateek jakinarazi zutelako oraindik sinatu gabe zegoela proiektua aurrera ateratzeko herri-erakundeen artean sinatu behar zuten hitzarmena. Apirilean, berriz, Aldundiak, asuntua zergatik egon zen urtebetez geldirik azaldu gabe, ohar bat zabaltzeko kopeta izan zuen, hitzarmena “berehala” sinatuko zela esanez, “argi berdea” bazela eta.

    Delako “argi berdeari” oraindik pixka bat kosta zaio iristea, baina Gobernuak eta Aldundiak esan berri dutunez, trenbide zaharreko tunelak egokitzeko obrak “datozen egunetan” esleituko dira. Tunelak egokitzeaz gain, bidegorria bera eraiki behar da. Beraz, lanek gutxi gorabhera hiru urte iraungo dute, exekuzio-epea “30 eta 32 hilabete artekoa” baita. Ea oraingoan horrela den.

    Dena dela, Iraeta-Narrondo proiektua bidegorrien eta mugikortasun jasangarriaren aldeko konpromisoaren isla gisa BERRIZ ERE saldu nahi izateko kopeta ere behar da. Izan ere, proiektu hau bizikileta-bideen planak zer puntutaraino urratzen ari diren adibide garbi baino garbiagoa da. Behin baino gehiagotan salatu dugunez, planak barraskiloen abiaduran doaz edo, hobeto esan, barrastilo motelen abiaduran.

    EGUZKI, 2023ko abendua


    Partekatu - Compartelo