Noticia

  • Una parte de la basura de Gipuzkoa va a ser transportada hasta Cantabria y siguen buscando otros destinos para más basura

    2016-02-02
    Partekatu - Compartelo

    zaborra 2016 otsailaIturria: Berria.

    Lapatx hiru hilabetez irekita edukitzea “gaitzerditzat” jo du Asensio diputatuak. Hala ere, Kantabriara zaborra bildatzen hasiko dira. Zabortegi industrialak egokitzea ere aztergai dute.

    Erabat bete arte Lapatxeko zabortegia (Azpeitia, Gipuzkoa) martxan edukitzea erabaki zuen atzo Urola Erdiko Mankomunitateak. Erabakiari buruzko iritzia eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak: “gaitzerditzat” jo du hiru bat hilabetez hondakindegi hori zabalik egotea. “Lasaiago” egin ahalko dute kudeaketa orain, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak azaldu duenez. 

    Aldundiaren nahia zen Lapatx handitzeko obrak egitea, hondakin gehiago eraman ahal izateko. Ez du hori onartu mankomunitateak: soilik oraingo lekua bete arte edukiko dute zabalik.

    Horren aurrean, bi lan ildo hartu dituztela jakinarazi du Asensio diputatuak. Batetik, zaborra Kantabriara eramatea. Akordio oinarri bat sinatu dute hango gobernuarekin, Merueloko zabortegira eramateko errefusa. Lapatx hiru hilabetean zabalik egoteak ekarriko du Kantabriara hondakin gutxiago bidali beharra, Asensioren arabera. Nolanahi ere, jakinarazi du Meruelora errefusa bidaltzen hasiko direla —seguruenik, datorren astean—, nahiz eta Lapatx zabalik egon.

    Kantabriako Gobernuarekin egin duten akordio oinarria epe luzerakoa da: lau urtekoa. Ordurako egingo dute Zubietako errauste planta. Horregatik hautatu dute aukera hori, Asensioren esanetan: lau urterako gaitasuna duelako Merueloko hondakindegiak, eta Gipuzkoako errefus guztia hartzeko gai delako —165.000 tona urtean—. Trukean, Gipuzkoak konpromisoa hartu du urtean gutxienez 50.000 tona bidaltzeko Kantabriara. Prezioak adosten ari dira.

    Bigarren lan ildoa beste zabortegi batzuk bilatzea da. Asensiok ez du izen zehatzik eman nahi izan, baina adierazi du zabortegi industrialetara errefusa bidaltzeko aukera aztertzen ari direla. Epeleko hondakindegia litzateke aukera bat. “Baina badaude gehiago ere”, erantsi du Asensiok.

    Errefusa bidaltzeko beste aukera batzuk aztertu dituztela azaldu du diputazioak —Arabako eta Bizkaiko foru aldundiekin hitz egin dute—, baina Kantabriakoa zela aukerarik onena, lau urterako gaitasuna daukalako.

     


    Partekatu - Compartelo