Albistea

  • Erraustegiaren kontrako manifestazioa deitu dute martxoaren 3rako, Donostian

    2007-03-01
    Partekatu - Compartelo

    Erraustegiaren kontrako hainbat eragilek manifestazioa deitu dute datorren martxoaren 3rako. Donostian izango da arratsaldeko 17.00etan, Anoeta futbol zelaiaren ondoan, “Alternatibak badaudelako errausketarik ez, ez Zubietan eta ez inon. Galdetu herriari errausketa nahi duen ala ez” lemapean.CCOO, ELA, EHNE, ESK, LAB, STEE, Ezker Batua Berdeak, Aralar, Batasuna, Zutik, Eguzki, Ekologistak Martxan eta Greenpeacek erraustegiaren kontra hitza hartzeko deia luzatu diote euskal gizarteari larunbatean Donostian egingo den manifestazioa baliatuz.

    Donostian egindako agerraldian, Gipuzkoako Aldundian eta mankomunitateetan dauden politikari “arduratsuak” hauteskundeekin “kezkati” daudela esan dute, baina haien helburu bakarra erraustegia jartzea dela.

    “Badakite zaborrari irtenbidea bilatzeko modu alternatiboak, askoz ere azkarragoak eta merkeagoak direla, baina ez dute nahi euren kontrolpean ez dagoen inork martxan jartzerik. Badakite jendeak ez duela erraustegirik nahi, baina ez dira ausartzen herri galdeketa egitera, Gipuzkoan hori egin den leku guztietan ezezkoa gertatu baita”, esan dute.

    Europako Parlamentuak erraustegiaren aurka erakutsitako jarrera era gogoan izan dute manifestazioaren deitzaileek: “Duela gutxi onartutako direktiban, zaborra gutxitzeari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari lehentasuna eman dio berriro ere Europak”, gogorarazi dute, baita erraustegiak dakartzan ondorioez ohartarazi ere.

    Politikariek Plan Alternatiboaren aurrean erakutsitako utzikeria salatu dute, baina herritarrek “politikarien aurretik goazela demostratuko dugu berriro ere”.

    Hartara, datorren larunbatean Donostiako Anoeta futbol zelaitik abiatuko den manifestazioan parte-hartzeko deia egin dute.


    Partekatu - Compartelo