Errausketarik gabeko hondakinen plan bat eskatu du PSNk Nafarroarako
2014-08-09
Partekatu - Compartelo
Iturria: Berria / Zero Zabor
“Errausketari bidea itxiko dion” eredu bat behar dela, eta Nafarroako sozialistak horren alde ariko direla esan du gaur PSNk. Nafarroako Gobernuari eskatu dio hondakinen kudeaketarako plana erreformatzeko proposamen bat aurkezteko.
Errauste plantaren lanak hasi aurretik gelditu ziren, eta auzitegiak azken kolpea eman zion. Geroztik, UPNk ez du hitzik egin egitasmo hari buruz. Plana berregiteko asmorik ere ez du agertu. Aldiz, Sakanako Cementos Portland lantegian hondakinak errausteko baimenak bizkortzeari ekin dio denbora horretan.
Hondakinen kudeaketarako plana geldialdian dagoela ikusirik, beraz, Samuel Caro PSNko kideak berriro martxan jartzeko eskatu dio UPNri: plana berriz egiteko, eta alderdiei denboraz aurkezteko, eztabaidatu eta ekarpenak egiteko modua izan dezaten.
“Gobernua isil-isilik egon da, eta gaur egun zalantza handi bat dugu, ea gobernuak nola egingo ote dion aurre hiri hondakinen gaiari, eta zein izango ote den azkenean ezarriko den eredua”, esan du Carok.
PSNk uste du badaudela “teknologia berriak” hondakinen errausketa alde batera uztea ekar dezaketenak. “Horrela, gainera, kontrakotasun soziala gaindituko litzateke“, Caroren hitzetan. Gehiago zehaztu du: “Gobernuak jakin behar du akordio bat egin nahi badu PSNk hondakinen plana babes dezan, plan horrek errausketaz ahaztu behar duela“.
“Teknologia berri” hori zein den ez du zehaztu, baina ura, presioa eta bero oinarri dituela esan du Carok, eta errausketan oinarritutako teknologia baino %50 merkeagoa dela.
Ingurumen kontseilariaren agerraldia eskatuko du PSNk, gobernuak azken urteetan arazo honen inguruan zein urrats egin dituen argitzeko.