Pasaiako gaikako bilketaren emaitzak mantentzea edo hobetzea eskatzen dugu
2015-10-09
Partekatu - Compartelo
Argazkiaren iturria: Oarsoaldeko hitza
Pasaiako Udalak duela egun gutxi atez ateko sistema kentzeko erabakiaren aurrean, hemen gauden talde politiko eta ekologistek ez dugula hondakinen gaikako bilketan atzerako pausorik onartzen adierazi nahi dugu. Aurreko legealdiaren bukaeran gure udalerrian hondakinen %77a gaika biltzera heldu ginen, atez ateko sistemaren ondorioz, nahiz eta hainbat herritarrek boikota egin, gaur egun udal-gobernuan dauden alderdien babesarekin. Herritar gehienek besterik gabe onartu zuten sistema aldaketa eta hondakinak gaika banatuta atera dituzte azken hilabete hauetan. Hauei guztiei orain jarriko duten edukiontzi sistemarekin ere ongi sailkatuta ateratzeko eskatu nahi diegu, eta “birziklapena bai, atez atekoa ez” aldarrikatu dutenei kontsekuente izan daitezela eta onenak bezain ondo sailka ditzaten euren hondakinak.
Gure desirak onak izanda ere, beldur gara sistema aldaketarekin Pasaiako emaitzak alboko herrietakoen antzekoak (Donostia, Errenteria) izatera ez ote diren pasako, hauetan ere borondatezko edukiontzi sistemarekin %40ra ezin heldurik baitabiltza. Gure ustez atez ateko sistemak emaitza onak eman ditu erabili den mundu osoko leku desberdinetan, baina ez diogu oztoporik jarriko beste sistema bati ere. Garrantzitsua emaitza da eta hau ondo zainduko dugu.
Atez atekoa kendu duten alderdien helburua Zubietan erraustegia eraikitzea da, eta honek erregaia behar du. Horregatik gure hondakinen parte handiena (papera, kartoia, ontziak, plastikoak, materia organikoa…) zaborretara nahasirik joatea behar dute. Erraustegiaren eraikuntza enpresa eraikitzaileei, nahasitako zabor bilketa egiten dute enpresa handiei eta agian komisioa kobratu zain dauden politikoei besterik ez zaio komeni. Bitartean Gipuzkoako herritar eta udalek ordaindu beharko dituzte lehengai baliogarriak kopuru izugarritan erretzeko erabiliko den planta egiteko 500 milioi.
PSOE eta PNVri Europako Legebiltzarrean haien ordezkariek defendatzen dutenarekin kontsekuente izateko eskatu nahi diegu; joan den uztailaren 9an onartu zuten erresoluzioan honelakoak esaten ziren: “birziklaezinak eta biodegradagarriak ez diren gaietara mugatzea hondakinen errausketa 2020rako” edo “hondakin organikoak gaika biltzeko obligazioa 2020an”. Hemen eta gaur Pasaiako Udalari honako galdera egin nahi diogu: Ze neurri jarriko dituzue erresoluzio hau bete ahal izateko? Eta Foru Aldundia zuzentzen dute alderdi berberei: Nondik atera behar duzue erraustegia elikatzeko behar den zaborra, jakinik errefusa, asko jota, hondakinen %10 dela? Jadanik 2014an Gipuzkoan 172 000 tona zabor eraman ziren zabortegira, azken urteetako joera etenik gabe beheranzkoa delarik, eta erraustegiaren proiektua 260 000 tona erretzekoa zen.
Testua sinatu duten taldeak: Zero Zabor, Ekologistak Martxan, Errausketaren Aurkako Koordinakundea, Eh-Bildu, Irabazi eta Eguzki