Albistea

  • Azaroaren 21erako errausketaren aurkako manifestazioa deitu dute Lasarte-Orian

    2015-11-14
    Partekatu - Compartelo

    aire garbia manifa deialdia 2015 azaroaInguruko herrietatik Lasarte-Oriara hurbiltzen den edonorentzat Teresategiko pinutegia dugu baliza. Baliza han, Lasarte-Oria azpian.

    Teresategiko pinutegira igo eta azpian dugu Lasarte-Oriak munduan duen tokia, Lasarte-Oriak munduan duen guztia: porlana, ibaia eta berdeak, etxeak eta kaleak, emakumeak, gizonak eta umeak, eta haien etsipenak eta ametsak, haien grinak eta ahaleginak, haien egindakoak eta egitekoak.

    Teresategira igo eta goian dauka Lasarte-Oriak zerua. Zeru eguzkitsua edota ilargitsua eta izartsua, urdina edota estalia, haizetsua edota baretsua, Naturak debalde emateko gura duen moduan.

    Orain, ordea, Naturak emateko gura ez duen hodeia Teresategi parean isuri nahi dute Aldundiko agintarien gurak. Hodeitzarra, hodei iluna, hodei furano eta dioxinaduna. Hodeia baino gehiago: berpiztu nahi duten hildako mamua. Mamu ez merkea, bai garesti askoa. Garestia dirutan orain, garestiago gaitz eta gaixotasunetan geroan. Teresategiko pinutegiaren parean, ibaiaren beste aldean, zaurituta daukate mendia mamuari habia egiteko.

    Aire Garbiak Teresategiko arbolak ditu bere ikurraren iturri eta birika.

    Birika putz egin eta hodeitzar furano eta dioxinaduna ezabatzeko.

    Birika emakume, gizon eta umeei dei eta dei egiteko, orain etxetik atera eta kaleratzeko, kaleak betetzeko, grinak ahaleginak bilakatzeko, eta etsipenak ametsak.

    Etxetik atera eta datorren azaroaren 21ean kaleratzeko, Erraustegiaren kontra manifestazioa egiteko arratsaldeko 17:00etan, Lasarte-Oriako Okendo plazatik abiatuta.

    Teresategiko pinutegia nahi baitugu,

    bai inguruko herrietakoentzat bai mundukoentzat,

    Lasarte-Oriako baliza.

    Eta ez hodeitzar furano dioxinadun ilun mamu hori.

    Hala bedi

    Geldi daitekeelako!!!!

    Lasarte-Orian, 2015.11.14


    Partekatu - Compartelo