Albistea

  • Aldundiak atzera pausoa eman du kotxea elkarbanatzeko zerbitzua eten ondoren

    2016-01-08
    Partekatu - Compartelo

    lurraldekar 2016 urtarrilaGipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamenduak jakinarazi du laster itxiko duela Lurraldekar, hau da, herritarrei, beraien artean harremetan jarrita, lanera joateko autoak partekatzea ahalbidetzen dien Interneteko ataria. Aurtengo aurrekontuetan ez dute zerbitzu honetarako dirurik ipini.

    Eguzkiren iritziz, erabaki hau atzerapauso bat da, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai ikuspegi sozialetik.

    Ingurumenaren ikuspegitik, lanera edo ikastera joateko autoa partekatzea oso onuragarria da. Izan ere, errepideetan zirkulatzen den auto kopurua murrizten du, eta, horren ondorioz, kutsadura, zarata eta erregai-kontsumoa.

    Ikuspegi sozialetik ere autoa partekatzea praktika onuragarria da. Izan ere, autoa ez ezik gastuak ere partekatzen dira, eta, ondorioz, bidaiak merkeago ateratzen dira. Gainera, autoa partekatzeak harreman sozialak ehuntzeko aukera ere ematen du, autoan bakarka joateak ez bezala.

    Beraz, autoa partekatzea praktika ona da, Europan oso-oso arrunta. Estatu espainolean, Lurraldekar zerbitzuaren bidez, Gipuzkoa praktika honetan buru izan da. Gauzak horrela, ezin dugu ulertu zergatik Marisol Garmendia Mugikortasun diputatu sozialistak desagerrarazi nahi duen, are gutxiago bere justifikazioa entzun ondoren:  “Lurraldekar zerbitzua bertan behera utziko dugu Lurraldebusi konpetentzia egiten diolako”.

    Barkatu, Garmendia andrea, baina kontuan izan beharko zenuke, hain justu, Lurraldebus leku guzti-guztietara behar bezala iristen ez delako, herritar askok autoa partekatzera jotzen dutela; are gehiago, sarri, horrelako formuletara jotzera beste erremediorik ez dutela. Oreretatik Oñatira (edo Beasaindik Zumaiara edo Arrasatetik Tolosara) egunero joan behar duen pertsona bat nola moldatuko da Lurraldebusekin?

    Gipuzkoako udalerri asko ez daude elkarren artean garraio publikoaren bidez lotuta. Horrez gain, sarri, gastua handiegia da. Autoa partekatezeak konektibitate-gabeziak eta gehigizko garraio-gastuak leuntzen, behintzat, laguntzen du. Eta, gainera, arestian esan bezala, praktika ona da, bai ingurumenaren ikuspegitik, bai ikuspegi sozialetik.

    Berriro diogu: ez dugu ulertzen Garmendia diputatuak zergatik desagerrarazi nahi duen Lurraldekar zerbitzua. Akaso Gipuzkoako Foru Aldundian praktika honen kontra aspaldi zokoratuta zegoen herraren baten eltxoa berpiztu eta kosk egin dio. Praktika honen kontrako aspaldiko herrarena aipatzen dugu zeren eta, 2005ean ere, Foru Aldundiak autoa partekatzearen kontra jo baitzuen. Orduko hartan, autoa partekatzeko Aritzetako aparkalekua erabiltzen zutenei TAO kobratzen saiatu zen. Kritika-zaparrada jaso ondoren, Aldundiak atzera egin behar izan zuen.

    Eguzkikook Garmendia diputatuari eskatzen diogu Luraldekar zerbitzua ixteko erabakia hobeto pentsatzeko. Halaber, herritarrei praktika egoki honekin jarraitzera dei egten diegu.

    Lurraldebusek izan dezakeen konpetentziarekin Garmendia benetan kezkatuta baldin badago, jar dezala indarretan behingoz tarifa finkoa Gipuzkoako garraio publikoan. Izan ere, horixe eskatzen zuen bere alderdiak orain dela urte gutxi. Tarifa hori hilean 25 eurokoa balitz, erabiltzaile kopurua nabarmen handituko litzateke. Eta denok irabaiko genuke, ingurumenak, osasunak eta poltsikoak.

    Garmendia andreak argi ikusi beharko luke Lurraldebusen etsaia ez da partekatutako autoa, erabiltzaile bakarreko autoa baizik. Zertara datoz, bestela, “Lanera nire auto gabe” eta antzeko kanpainak?

    Asuntu honetan Foru Aldundiari gutxienezko koherentzia baino ez diogu eskatzen, nahiz eta bakarren batek hori ere gehiegi eskatzea dela pentsatuko duen.

    EGUZKI, 2016ko urtarrilean

    Gehigarria: Hona hemen sarean bilatu dugun bideoa, Claudio Landaren arratsaldeko programa batekoa da. Bertan, Pesa-ko arduradunek eta taxi gidariek diote kotxea elkarbanatzeko zerbitzuak eurei ez diela traba egiten. Bideoa ikusteko sakatu hemen

     


    Partekatu - Compartelo