Albistea

  • Lasarte-Oriako Udalak auzokonpostatze-programan parte hartzen dutenei zabor-tasan %20ko deskontua kendu izana salatzen dute hainbat familiek

    2016-02-16
    Partekatu - Compartelo

    auzokonposta 2016 otsailaEtxeko zaborren %90 gaika biltzen dutenek eta edukiontzietara den-dena nashastuta botatzen dutenek tasa berdina ordaintzea antiekologikoa eta sozialki injustua dela nabarmentzen dute.

    Lasarte-Oriako Udalak, PSEren eta EAJren botoekin, bertan behera utzi du auzokonpostatze-programan parte hartzen dugun familiok zabor-tasan genuen %20ko hobari edo deskontua. Idatzi hau izenpetzen dugunok deitoratzen dugu bertan behera utzi izana azken urteotan zabor-tasen bidez birziklatzea sustatzeko hartutako neurri bakarra. Eta udal taldeei espresuki eskatzen diegu erabakia berrikusteko.

    Deskontua kendu izanagatik, seguru gaude programan parte hartzen dugun 90 familietatik bakar batek ere ez diola konpostatzeari utziko (are gehiago, gutako askok deskontua zegoela ere ez genekien kendu duten arte). Baina erabaki honetaz interpretazio bakarra egin daiteke: Udalak ez du aintzat hartzen, edo gutxiesten du, edo mespretxatzen du etxeko zaboarrak modu ekologikoagoan kudeatzeko egiten dugun ahalegina.Dena dela, gure ahalegina aintzat ez hartzea hutsaren hurrengo da erabaki honek etorkizunari begira izan ditzakeen ondorio latzekin alderatuta. Izan ere, zabor-tasetan hobarien bidez birziklatzea susatzea ez den guztia gaur egun indarrean dagoen tarifa finkoaren alde egitea da. Eta tarifa finkoa, antiekologikoa izateaz gain, guztiz bidegabea da, guztiz injustua da.

    Bidegabea eta zentzugabea delako etxeko zaborren %90 gaika biltzen dutenek eta den-dena nashastuta botatzen dutenek tasa berdina ordaintzea. Zenbat eta zabor gutxiago gaika bildu, orduan eta tratamentdu garestiagoak behar dira. Tarifa finkoaren bidez, arduraz jokatzen dutenak, esfortzu handiagoa egiteaz gain, beren diruarekin finantzatzen ari dira batere birziklatzen ez dutenen axolagabekeria. Beraz, Udala, auzokonpostatzeko hobariak kenduz eta tarifa finkoa indartuz, axolagabeak saritzen eta birziklatzaileak zirgortzen ari da, nabarmen zigortzen, gainera.

    Hau ez da gure burutazio bat. PIGRUGek ere, erraustegia aurreikusten duen planak berak, alegia, honela dio: “Hondakinak sortzea zigortuko duten tasa aldakor eta mailakatuak ezarriko dira”. Bada, orain dela gutxi, Lasareko Udalak, PSE, EAJ eta PPren botoekin, PIGRUGen aldeko mozio bat onartu du. Ez dirudi oso koherentea denik horren alde egitea (nahiko modu sutsuan egin ere, gainera) eta, halaber, plan horrek tasen alorrean markatutako bidean egin den urrats bakarra, auzokonpostatzeko %20ko deskontua, bertan behera uztea.

    Garbi utzi nahi dugu auzi hau alderdien arteko ohiko eztabaiden gainetik dagoela. Horra Donostia, non PSEk eta EAJk orain dela gutxi ontzat eman duten PSEk eta Bilduk 5. edukiontziaren erabiltzaileentzat hitzartutako %15eko deskontua.

    Behar bestetan errepikatuko dugu: Udalak hartu duen erabakiak, guri kalte egiteaz gain, oso bide txarra seinalatzen du etorkizunari begira; erabaki horretan atzera egitea espero dugu.

     Idatzi hau Lasarte-Oriako auzokonpostatze-programan parte hartzen dugun 26 familiek izenpetu dugu.


    Partekatu - Compartelo