Albistea

  • 5. edukiontzia ezarrita ere, Lasarte-Oriak birziklatze-kontuetan azken putz izaten jarraitzen du

    2018-02-22
    Partekatu - Compartelo

    52017ko urtarrilean, Udala 5. edukiontzia ezartzen ari zela eta, Aire Garbiak dei egin zien herritarrei berau erabiltzera, “gogotik” eta “erraparorik gabe”. Baina, halaber, Aire Garbiak ohartarazi zuen ekimen hari ematen zion babesa “kritikoa” zela. Kritikoa, 5. edukiontzia berandu zetorrelako, oso berandu (izan ere, Lasarte-Oriakoa izan zen seguru asko herritar guztiei etxeko zaborren zatiki organikoa biltzeko aukera eman zion Gipuzkoako azken udala), baina kritikoa, batez ere, udal gobernuak 5. edukiontzia ezartzeko aukeratu zuen sistema eraginkortasun eskasenekoa zela, modu nabarmenean, gainera, eta, horrela,

    nekez iritsiko zela % 60ko birziklatze-tasa lortzera, alegia, leku guztietan erreferentzia moduan erabiltzen ari den gutxieneko tasa. Gainera, udal gobernuak ez zuen aurreikusi emaitzak errebisatzeko eta, beharrezkoa balitz, neurri zuzentzaileak hartzeko inolako eperik.

    Geroztik, urtebete pasatu da, Lasarte-Orian ezarritako 5. edukiontziaren eraginkortasuna ebaluatzeko denbora nahikoa eta sobera. Eta, ebaluazioa eginda, agerian geratu da Aire Garbiak iragarritakoa bete egin dela. Egia esan, asmatu izanak ez du gehiegizko meriturik, erraza zen eta.

    Egunotan ezagutu ahal izan ditugu San Markoko udalerriek 2017an hondakinen gaikako bilketan lortu dituzten emaitzak. Lasarte-Oriakoak oso-oso eskasak dira eta, horren ondorioz, gure herria sailkapenean azkenaurrekoa da. Lasarte-Oriaren atzetik geratu den bakarra Donostia da, birziklatze-kontutan desastre hutsa dena. Atera kontuak.

    Taula honek 2017ko eta 2016ko datuak alderatzea ahalbidetzen du:

    taulaIkus daitekeen bezala, 5. edukiontziaren bidez gaikako bilketa pixka bat igo da (% 6,5), baina hain da igoera txikia ezen Lasarte-Oriak birziklatze-sailkapenean azken putz izaten jarraitzen duen, edo, Donostia kontuan hartuta, azkenaurreko putz, nahiago bada. Baina ez da azken putz nolanahi, ez. Azken putz da merezimendu handiarekin. Begira… Lasarteko ehunekoa Gipuzkoako batez bestekoaren azpitik egoteaz gain, San Markoko batez bestekoaren azpitik ere badago. Eta kontuan izan San Marko Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea dela.

    Taulako datuak ikusita, beharbada baten bati burutik honako hau pasatu zaio: “Tira, Donostia eta Lasarte-Oria oso gaizki, baina Errenteria ere hortxe dabil, justu-justu Lasarte-Oriaren gainetik”. Bai… baina ez. Errenteriak, Urnietak eta Gipuzkoako beste hainbat herrik bezala, neurriak hartu ditu 2017an, eta neurri horiek batez ere 2018an nabarituko dira. Esaterako, abenduan, Errenteria % 59ra iritsi zen. Atera kontuak. Lasarte-Oriak, aldiz, neurriak hartzeari uko egin dio. Birziklatzen dutenei deskontua egiteko proposamen apalari ere uko egin dio. Beraz, ezer egin gabe jarraituz gero, hemendik urtebetera Lasarte-Oriak, Donostiarekin batera, azken putz itzaten jarraituko du, baina are diferentzia handiagoarekin.

    Dena dela, garrantzitusena ez da, jakina, Lasarte-Oria sailkapenean zer postutan dagoen, baizik eta gutxieneko % 60 horretatik oso urruti dagoela, eta, sistema aldatu ezean, % 60ra iristea ezinezkoa dela.

    Udal gobernuak, 5. edukiontziaren emaitzak zinez eskasak direla inplizituki aitortuz, kontzientziazio-kanpaina berri bat egiteko asmoa omen du. Kanpaina batek ez du kalterik egingo, baina arazoa ez da herritarren kontzientzia-eza, sistemaren eragikortasunik eza baizik. Sistema eraginkorra ezarri duten udalerriek emaitza onak lortu dituzte; sistema eraginkorrik ezarri ez dutenek, berriz, ez. Zer arrazoi egon daiteke pentsatzeko lasarteoriatarron artean Gipuzkoako ia gainerako herri guztietako bizilagunen artean baino kontzientzia-maila apalagoa dela? Beste modu batean esanda: neurri eragingorrak hartzen dituen herri batean, emaitzak egun batetik bestera, esaterako, % 40tik % 60ra igotzen badira, zer ulertu behar dugu?, herri horretako bizilagunen kontzientzia gauetik egunera 20 puntuz hobetu dela? Ezta hurrik eman ere! Kontzietzia garrantzitsua da, dudarik gabe, baina sistemaren eraginkortasuna da erabakigarria.

    Beraz, Lasarte-Oriak sistema aldatu egin behar du, epe laburrean, gainera, % 60 helburu. Ez genuke gauza bera behar baino gehiago errepikatu nahi, baina, esan dugun bezala, ez da zerbait utopikoa. Zaila ere ez da. Izan ere, Gipuzkoako udalerri askok eta askok dagoeneko lortu dute. Halaber, hori lortzeko eredu bakarra ere ez dago. Hainbat daude, herri bakoitzaren berezitasunetara zeharo egokitu daitezkeenak. Are gehiago, udal gobernuko kideek batzuetan goraipatu dituzte eredu horietako zenbaiten bidez lortutako emaitzak, baina, gero, zergatik ez dakigula, beste bat aukeratu zuten, eskasena, hain zuzen. Bestalde, fundamentuzko parte-hartze prozesu batek soluzioak doitzen eta batez ere sistema berria sozializatzen lagundu lezake, dudarik gabe.

    Baina horretarako, ezer baino lehen, honako hau aldatu behar da: orain arte, “Lasarte-Oria birziklatzearen alde” propagandako eslogana baino ez da izan; hemendik aurrera, berriz, Udalaren bene-benetako borondatearen isla izan beharko luke.

    LASARTE-ORIAN AIRE GARBIA

    6


    Partekatu - Compartelo