Albistea

  • Ez itxi espazio libre publikorik, faborez

    2020-04-28
    Partekatu - Compartelo

    Polemika piztu duen argazkia. Ez dago zertan jantziak urratzen ibili beharrik (Juan Herrero, EFE).

    Polemika piztu duen argazkia. Ez dago zertan jantziak urratzen ibili beharrik (Juan Herrero, EFE).

    Igandean ateak ireki zizkieten haurrei etxetik ateratzeko, 45 egun eta gero. Normala denez, denak tropelean atera ziren kale-gosez. Argazkilari batek argazki bat atera zuen Kursaalean, zoom potente batekin, eta, irudiari erreparatuta, ematen du kriston jendetza zegoela pilatuta. Ez zen hainbesterako.

    Hala ere, argazkiak sortu duen polemikak Eguzkikooi bi kontutxori buruzko gogoeta egiteko aukera ematen digu:

    1. Espainiako gobernuaren baldarkeria salatu nahi dugu. Nori okurritzen zaio, 45 egun eta gero, ateak igande batean zabaltzea? Ez al zen logikoagoa astegun buruzuri batean egitea, hain zuzen, hasieran espero zitezkeen pilaketak saihesteko? Gauzak horrela, tabernak irekitzeko eguna iristen denean, larunbat bat aukeratuko al dute? Atzo astelehenean, Kursaalean bertan, 16:00etan atera genuen beste argazki bat, eta, ikusten denez, basamortu bat da. Portzierto, hemen larunbatean gauza handi bezala indarrean sartu zen neurria, Bidasoaz beste aldean konfinamenduaren hasiera-hasieratik eguneroko ogi da. Koronabirusak ez omen du mugarik. Kornabirusak ez, baina beste batzuek bai, bistan da.
    2. Donostiako udal agintarien zekenkeria ere salatu nahi dugu. Igandean haurrak espazio libre-gosez aterako zirela jakinda, ez murriztu espazioa, motel! Izan ere, Gros, argazkia aterata dagoen auzoa, espazio publiko gutxien duen auzoetako bat da. Eta zubiaz beste aldean dagoen Alde Zaharra, berdin. Ba, igandean, Kursaaleko atzeko zabalgunea eta paseoa bera itxita zeuden. Beraz, Udalak eskaintzen zuen alternatiba bakarra, Kursaal aurreko etorbidean jendea pilatzea zen, eta hori baino ez zuen argazkilariak atera.
    Atzo ateratako argazkia, gutxi gorabehera leku berean.

    Atzo ateratako argazkia, gutxi gorabehera leku berean.

    Datorren asteburuan gauza bera ez gertatzeko, zera eskatu nahi diogu Udalari, ireki ditzala paseo eta parke guztiak, beste alternatibarik ez duten auzoetan, behintzat. Ez dugu ulertzen zergatik egon behar duten itxita Urgull, Zurriolako pasealekua, Pasealeku Berria…  edota hondartzek. Batez ere aipatutako bi auzo horietan, espazio horiek itxita, leku falta nabarmena dagoela kontuan izanda. Ireki ezean, pilaketak, unean une behintzat, berriz ere gertatuko dira.

    Eguzki, 2020ko apirila

    Zenbat eta espazio gehiago itxi, gero errazago pilatuko da jendea, tarteka soilik bada ere.

    Zenbat eta espazio gehiago itxi, gero errazago pilatuko da jendea, tarteka soilik bada ere.


    Partekatu - Compartelo