Datuek berriro ere utzi dute agerian Lasarte-Oria birziklatzen azken putz dela
2020-05-03
Partekatu - Compartelo
Datuek larrugorritan uzten dute propaganda.
San Marko Mankomunitateak 2019an herriz herri gaika bildutako hiri-hondakinei buruzko datuak argitaratu berri ditu bere webgunean. Lasarte-Oriari dagokionez, ez dago berririk, edo, hobeto esan, berria da Lasarte-Oriak birziklatzen azken putz izaten jarraitzen duela. Izan ere, hiri-hondakinen % 45 baino ez du gaika biltzen. Donostiak bakarrik ditu emaitza eskasagoak (% 40,38). Eta biak ala biak Gipuzkoako batez bestekotik (% 57) oso-oso urruti daude, jakina.
Oso albiste txarra da, baina ez da batere harrigarria; izan ere, Einsteinek zioen bezala, “Ez espero emaitza desberdinik beti gauza bera egiten baduzu”. Eta udal gobernuak berariaz erabaki du gauza bera egiten jarraitzea, alegia, ahal den gutxien birziklatzea.
Baina ikus ditzagun datuak, ezin adierazgarriagoak dira eta:
Lehen ondorioa funtsean azalduta geratu da jada: Lasarte-Oriak birziklatzen azken putz izaten jarraitzen du. Donostiak baino ez du emaitza kaxkarragorik lortzen San Markoko udalerrien artean. Eta kontuan izan behar da San Marko dela Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen mankomunitatea, hain justu, Donostiaren zamagatik, baita, neurri apalagoan izan arren, Lasarte-Oriaren zamagatik ere. San Markoko bataz bestekoa 49,80koa da; Gilpuzkoakoak, berriz, 57koa. Atera kontuak.
2018ko eta 2019ko emaitzak xehe-xehe alderatuz gero, honako hau ere ikusten dugu: Lasarte-Oriak behera egin du (1,5 puntu inguru); Donostiak, aldiz, gora (lehen aldiz 40ko muga gainditu du). Gauzak horrela, bigarren ondorioa izan liteke Lasarte-Oriak atzera egin duela edo, bestela esanda, gero eta gehiago dela azken putz. Baina, egia esan, ez zaigu iruditzen (aurtengoz, behintzat) xehetasun horietan sartzea merezi duenik. Zergatik? Donostiak, Lasarte-Oriak bezala, 2019an ez zuela funtsean egin 2018an egin ez zuenik. Beraz, zerbait koiunturala izan daiteke. Ikusi egin beharko.
Hirugarren ondorioa da ez dela boluntarismo-kontua, ez dela, nolabait esateko, beste “kontzientziazio-kanpaina” bat finantzatzeko kontua, ea herritarrak pixka bat hobeto egitera animatzen diren. Borondate ona beharrezkoa da, noski, baita (tokatzen direnean) kontzientziazio-kanpainak ere. Baina ez dago inolako arrazoirik pentsatzeko Lasarte-Oriako herritarrok Urnietakoek edo Andoaingoek baino kontzientzia ekologiko handiagoa edo txikiagoa dugunik. Aipatutako herri horietan, berriz, gaikako bilketa-tasa % 70 eta % 63ren gainetik dago, hurrenez hurren. Beraz, ez da boluntarismo- edo kontzientzia-kontua, sistema-kontua baizik. Sistema eraginkorrak ezarri dituzten udalerriek, ALKATETZAN EDOZEIN ALDERDI IZANDA ERE, emaitza onak lortzen dituzte. Sistema eraginkorrik ezarri ez dutenek, berriz, txarrak. Alde horretatik, Lasarte-Oria da sistema eraginkorrik ezarri ez dutenen paradigma garbia edo, hobeto esan, zikina. Gogora dezagun izan zela Gipuzkoako azken udalerria, edo azkenetakoa, herritarrei hiri-hondakinen zatiki guztiak gaika biltzeko aukera eskaintzen. Eta eskaini zienean ere, berariaz hautatu zuen sistemarik kaxkarrena, gutxien birziklatzen zuena, alegia.
Hori bai, udal gobernuak jarraitzen du esaten birziklatzearen alde dagoela (eta krisi klimatikoarekin kezkatuta dagoela ere bai, noski), eta jarraitzen du sustatzen herritarrak “kontzientziatzeko” ekimenak. Baina hiri-hondakinen arazo honek agerian uzten duena zera da, haiek direla, eta ez beste inor, “kontzientziatu” behar diren lehenak, neurri eraginkorrak behingoz hartzeko ordua badute eta. Baina neurri eraginkorrak hartu ordez, lurpeko edukiontzien inguruko erreferendum bat bultzatzen tematzen dira.
Lurpeko eta lur gaineko edukiontzien arteko eztabaida hain da faltsu eta zentzubagea, edonondik begiratuta ere, ezen ez dakigun zer pentsatu. Bururatzen zaigun bakarra da despiste-maliobra bat dela Lasarte-Orian hondakinen inguruan dagoen benetako arazoari behingoz eta behar bezala ez heltzeko. Hau da, ematen du egin nahi dutela egingo balute bezala, baina benetan egin gabe, alegia, biriklatzearen bidean urrats eraginkorrik eman gabe.
Eguzki, 2020ko maiatza
Lurpeko edukiontzien egoera gero eta jasanezinagoa da. Irailean egin genuen miaketan, Buruntza kalekoak ziren oraindik zerbitzuan zirenetako batzuk. Baina hauek ere, azkenean, lurgaineko edukiontziekin ordezkatu behar izan dituzte, argazkiak erakusten duen bezala. Lurpeko edukiontziek porrot egin dute eta, nolanahi ere, ez da hori Lasarte-Oriak zaborrekin duen arazo nagusia. Udal gobernuak horien inguruko erreferendumarekin tematuta jarraitzen du, ordea.