Donostiako Udalak bizikletak jazartzen dituela salatu du Eguzkik
2020-06-01
Partekatu - Compartelo
Bizikletak bahitzen, Zurriolako espigoian. Argazkia: A. Errazkin/DV
Tamalez, uda hasierako “klasiko” bihurtu da hondartzetako inguruetan Udaltzaingoak bizikletak bahitzea.
Eguzkitik, bizikleta-erabiltzaileenganako udal jazarpen hau salatu nahi dugu.
Ez da onargarria, ezta pedagogikoa ere, bizikletak bahitzea erabiltzaileek baranda eta hiri-altzarietan lotu ez ditzaten. Arana andrea, erabiltzaileek bizikletak leku desegokietan lotzen badituzte, zure ardurapean dagoen Mugikortasun Departamenduak aparkaleku-eskaintza eskasari soluziorik ematen ez diolako da.
“Erabiltzaileen erantzukizunari” deitu ordez, izan zaitez zu zeu erantzule, eta erantzun, behingoz, aparkaleku-eskaintza urriari. Okupatzen duzun karguaren erantzukizuna da eta. Izan ere, aparkaleku-eskaintza urriari erantzutea da aspaldi-aspalditik pendiente duzun eginkizunetako bat, eta inoiz ez diozu gaiari heltzen.
Udalak udaro egiten du bizikleta-bahiketa masiboa hondartzetako inguruetan. Hona hemen zure politika: lehenik, isuna jarri, eta, gero, ikusiko dugu ea irtenbideak ematen ditudan.
Gainera, aurtengo udak, pandemia dela eta, Arana andreak kontuan hartu nahi izan ez dituen ezaugarri bereziak ditu.
Muturreko konfinamenduaren deseskaladak bat egin du muturreko eguraldiarekin, eta horrek pertsona asko hondartzetara bultzatu ditu.
Pertsona horietako dezentek garraiobide ekologiko, seguru eta osasungarria erabili dute, bizikleta, alegia.
Eta zein izan da Mugikortasun Departamentuaren erantzuna? Aparkaleku gehiago jarri eskaria asetzeko? Ez, hori asko eskatzea litzateke eta. Neurri sinpleagoa ezarri du: bizikletak modu masiboan bahitzea.
Eta hori gutxi balitz, Arana andreak hainbat autobus-linea ere murriztu ditu.
Mugikortasun iraunkorraren alde egiteko modu bitxia: garraio publikoa murriztea eta bizikleta-erabiltzaileak zigortzea.
Arana andrea, zuk badakizu Zurriolako espigoian 11 aparkaleku-arku baino ez daudela: Eguzkin, 9, eta Ondarretako ekialdeko sektorean, dozena bat. Bistan da eskaintza guztiz eskasa dela.
Behin eta berriro eskatu zaizu –BEHIN ETA BERRIRO– bizikleta-bahiketa masiboak egiten dituzun leku horietan behar beharrezkoa dela aparkaleku gehiago ezartzea. Alferrik, ordea.
Ante la evidente escasez de aparcamientos en torno a las playas, Eguzki hizo el año pasado varias propuestas concretas. En balde.
Ez zigortu garraiobide iraunkorra aukeratzen dutenak, eman irtenbideak, hori da zure lana eta.
Beharbada Donostiako Udalari “malgutasun” guztia ostalaritzako terrazetan bukatu zaio, eta bizikleta garraiobide gisa aukeratu dutenentzako, berriz, egurra baino ez zaio geratzen.