Gaur egin da Gladys Enean Eguzkik eta Gladys Gogoanek urtero Gladys del Estalen omenez antolatzen dugun ekitaldia.
Osasun-krisiaren ondorioz omenaldiaren ohiko “formatuan” hainbat aldaketa egin behar izan ditugun arren, ez dira falta izan aurreskua, lore-eskaintza eta kantak. Ezta jotak ere. Izan ere, Esther Zabalegi militante beteranoak aurten etortzerik izan ez badu ere, idatzi bat bidali du.
Hona hemen ekitaldian ateratako irudi batzuk:
He aquí unas imágenes de lo que ha dado de sí el acto:
Mezuari dagokionez, berriz, lehenengo aipamena Zaldibarrentzat izan da. Izan ere, gaur, hura gertatu eta lau hilabetera, inguru hartako herri guztietan mobilizazio-eguna izan dute eta haiekiko elkartasuna espresuki adierazi nahi izan dugu.
Gainerakoan, hona hemen diskurtsoaren laburpen bat…
DISKURTSOAREN LABURPENA
Gladys ez dugu gutako bat izan zelako bakarrik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako, inoiz baino gehiago, gainera, hori posible bada, behintzat. Izan ere, osasun-krisiak areagotu baino ez du egin errotiko aldaketa baten beharra, ingurumena eta pertsonak gehiago errespetatuko dituen ekoizpen-, kontsumo- eta bizi-modu aldaketa baten beharra. Aldaketa hori egin ezean, ‘normaltasun berria’ normaltasun zaharra baino ez da izango. Hori bai, maskararekin. Eta maskara horren atzean, krisi ekologikoa zorroztuko da, prekarietate eta desberdintasun sozialak areagotuko dira, herritarrak ahulagoak eta beldurtuagoak sentituko gara, eta, jakina, sentimentu horien anparoan, askatasuna murriztuko da, segurtasunaren edo, hobeto esan, sekurokraziaren hobe beharrez.
Egunotan, behin baino gehiagotan entzun dugu konfinamenduak balio izan duela benetan garrantzitsua zer den konturatu gaitezen, konfinamendutik biziberrituak atera garela eta, ondorioz, norbanako gisa eta gizarte gisa gauzak aldatu egin behar direla onartu dugula.
Ematen hasi diren pausoak, ordea, kontrako norabidean doaz. Pandemia aurreko normaltasun anormala lehenbailehen berreskuratzeko lasterketa zoroan gaudela ematen du.
Gauzak horrela, ekologistek aktibo izatea da garrantzitsuena, aktibo izan gabe, eragin gabe, nekez gauzatuko direlako beharrekotzat jotzen ditugun aldaketak. Guk normaltasun berri benetan berria behar dugulako.
TUTERAN ERE BAI
Donostiakoa ez da izan Gladysen 41. urteurrena zela eta egin den omenaldi bakarra. Asteazkenean, Bardenas Libresek antolatuta, beste bat egin zitzaion Tuteran, hil zuten lekuan bertan. Hona hemen bideo eder bat eta argazki batzuk: