Donostiako hiri-eredua aldatzeko manifestazioa, larunbatean
2022-06-16
Partekatu - Compartelo
Donostiako 46 auzo elkarte eta herri mugimendu nahiz talde sozialek (tartean Eguzkik) datorren larunbatean, hilak 18, Donostiako udalaren hirigintza-politika kaltegarriak salatzeko eta hiri eredua herritarren eta auzoen beharrei begiraaldatze aldera egingo den manifestazioan parte hartzeko dei egiten dute.
Manifestazioa arratsaldeko 18:00etan Araba Parketikabiatu eta Alderdi Ederren amaituko da, “DONOSTIA BERRESKURATU, HIRI EREDUA ALDATU!” lemapean.
Donostiar gero eta gehiagoren sentipena argia da: hiria ez da bizilagunen beharren arabera aldatzen ari eta botere publikoek hiria herritarrentzat pentsatzeari eta horren arabera jarduteari utzi diote, administratzaile eta ekimen pribatuaren zerbitzu-emaile bihurtuta. Hirigintza merkatu turistikoen eta inbertsoreen interes pribatuen mendean jartzearen ondorioz, kolektibitateari kalte handiak eragiten ari zaizkio. Interes ekonomiko pribatuen arabera bideratzen dira donostiarrei zuzenean eragiten dieten erabaki garrantzitsuak, eta eredu horrek ondorio gero eta kaltegarriagoak eragiten ditu herritarren gehiengoaren bizi-baldintzetan:
>> Etxebizitza larrialdia: erosketa eta alokairu prezioek gora egiten dute, eta ez zaie mugarik jartzen funts putreei edo merkatu turistikoei etxebizitzarekin espekulatzeko. Etxe-kaleratzeek jarraitzen dute eta belaunaldi gazteak eta ahalbide gutxiko bizilagunak Donostiatik kanporatuta izaten ari dira.
>> Hiriaren ekonomia eredu prekarizatzailea: gain-esplotazio turistikoak langileen baldintzen okertzea ekarri du. Hiriaren egitura ekonomikoa desorekatu da, lan-baldintza ezegonkor eta kaskarrak ugarituz. Epe-motzeko etekinek soilik gidatuta, jasangarria ez den eredu baten alde egin da apustu.
>> Kalearen merkantilizazioa eta masifikazioa: hiri-espazioaren kudeaketan interes komertzialei ematen zaie lehentasuna, zaintza, jolas eta kontsumora bideratzen ez diren harreman sozial jardueren kaltetan. Horrek zenbait auzotan bizitzea eta bizimodu duina garatzea eragozten du, kontsumorako eta aisialdirako gune soil bihurtzeko arriskuan direlarik. Halaber, Mozal Legearen eta Zibismoaren Ordenantzaren aplikazioaren ondorioz, protesta soziala zigortzen da.
>> Hiriaren elitizazioa: egungo hiri-ereduak desberdinkeria sozialak areagotu eta aberastasuna esku gutxitan pilatzea dakar, kaltetuen gertatzen diren jendeen bazterketaren ondorio guztiekin. Fokuak aberastasunean eta luxuan jartzen diren bitartean, kale egoeran bizi diren donostiarrak edo bizitza duinaren mugan daudenak ezkutatu eta isilarazi egiten dira.
>> Hirigintza politika erasokorrak azeleratu egin dira: horren lekuko ditugu Donostiako erdialdean metroaren zentzugabekeriazko eraikuntza, auzo guztietan egitasmo urbanistiko polemikoen ugaritzea, Culinary Center-en mesedetan Manteoko ondare publikoaren espoliazioa, hotel eta alojamendu turistikoak mugagabe hedatzea, merkatal-gune handi gehiago zabaltzea, eta udalerrian gero eta urriagoak diren ingurune naturalen nahiz baserri-lurren txikizioa dakarten Belartza Goiako makro-poligonoaren eta Antondegiko “olatu artifizialen” proiektuak, besteak beste, edozein garapen iraunkorren kontra.
>> Ondare arkitektonikoaren suntsiketa: Astero eraikin historikoren bat suntsitzen edo husten da, higiezinen eta turismoaren presioa gero eta handiagoa delako. Donostia da Ondareari buruzko Nazioarteko Alerta bat duen hiri bakarra, Arte Ederren Jauregiaren eraispena salatzeko. Babes Plan Bereziaren gabeziak direla eta, hiri-irudiaren eta nortasun kolektiboaren gaineko inpaktu atzeraezina eragiten ari da.
Udalak Hiri-Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko abiatu duen prozesua dela eta, orain arteko bidetik jarraituz gero, Donostiaren eta donostiarron etorkizuna epe luzera gehiago baldintzatzeko eta serioski kaltetzeko arriskua ikusten dugu. Itxurazko parte hartze prozesuen gibelean, entzungor egiten diete indar ekonomiko nagusiekin bat ez datozen iritziak ematen dituzten eta bestelako hiri-eredua defendatzen duten donostiarrei.
Gaur deialdia zabaltzeko eskainitako prentsaurrekoaren irudi bat- Iturria: IRUTXULOko HITZA
Hori denagatik, hiria merkatu-interesen menpean jartzen duten politikei aurre egiteko eta eredua herritarren eta auzoen beharrei begira eraldatzeko indarrak biltzea premiazkoa dela nabarmentzen dugu. Helburu hori aurrean, hainbat auzo elkarte eta herri mugimendu elkarlanean ari dira Donostiako hiri eredua aldatzeko behar larriaren aurrean.
Elkarlan honen lehen urrats gisa, datorren larunbateko manifestaziora ahalik eta jende gehien biltzeko deia egiten dugu beraz.