Albistea

  • Illunbeko zezenketen antolatzaileek ezkutatu nahi dituzten irudiak

    2022-08-17
    Partekatu - Compartelo

    zezenak

    Igandean egin zen Illunben Donostiako Aste Nagusiko hiru zezenketetako bat. Gipuzkoako Plataforma Antitaurinoak, Linas Kortaren lankidetzan, zezenketa horretan gertatutakoa filtrorik gabe dokumentatzea lortu zuen bideo baten bidez. Bideo hori ezabatu egin du youtubek, eduki bortitzegia dela iritzita. Eta egia da, oso bortitza da, baina, hala ere, zezenketa baten bortizkeriaren isla apala baino ez da. Eta bortizkeria hori guztia Illunben gertatzen da, Donostiako Udalaren instalazio publikoetan, alegia.  Horregatik, salaketa gisa, zabaltzea merezi duela uste dugu, aldez aurretik abisatuta irudiok ez direla edonorentzat. Beraz, hona hemen, oraingoan youtube ez den beste plataforma batean:

    https://vimeo.com/740025712/6c418bc592

    Bideoan hainbat irudi odoltsu ageri dira, zezenketen antolatzaileek gehiegi haizatu nahi ez dituzten horietakoak. Izan ere, badakite irudi horiek gaur egungo herritar gehienen sentsibilitatetik oso-oso urruti daudela. Horregatik beraien publizitatean ez dute horrelakorik erabiltzen, eta, trukean, surf-taula bat jartzen dute, aurtengo kartelean jarri duten bezala, zezenketei itxura “eguneratuagoa” eta “onargarriagoa” emateko alferrikako ahaleginean.

    Eta alferrikako ahalegina da horixe delako “festaren” arazorik handiena: hain da beste garai bateko ikuskizun odultsu eta ankerra, ezen ez baitago gaur egungo parametroen arabera birziklatzeko modurik.

    Are gehiago, dagoeneko desagertuta egongo litzateke, erakundeen aldetik laguntza zuzena edo zeharkakoa izango ez balu. Horra hor Donostiako Udalaren kasua, nahiz eta hor ere haizea norabidez aldatzen hasi dela ematen duen, iritzi publikoaren aurrean, behintzat.

    Hau erori egiten da. Bada, bultza egitea tokatzen da, behingoz eta behin betiko eror dadin.

    ZEZENKETAK EZ DIRA ARTEA, EZTA KULTURA ERE. ZEZENKETARIK EZ.

     

     

     


    Partekatu - Compartelo