EGUZKIk Euskal Herriko hiri eta herrietako hiriguneetan zuhaitz-mozketa basatiak egiteko erraztasuna salatu nahi du.
Oraingo honetan, Zumarragako Udalak egin du mozketa, joan den ostiralean, urtarrilaren 27an, Secundino Esnaola kalearen atzealdea berriz urbanizatu dela eta.
Udal honen iritziz, orain bota dituzten palmondoek ez dute balio ekologikorik. Baina hiru palmondoz (Washingtonia filifera) osatutako bi talde ari garela kontuan izanik, dagoeneko helduak eta egoera ezin hobean, badute balio ekologikoa, jakina, espezie autoktonoak ez badira ere. Nolanahi ere, hori bada Udalak baloratzen duena, eraikuntza-enpresak proiektuan palmondoak landatuko zituela esan zuenean, zergatik eman zion baimena.
Gero palmondook lekuz aldatzea garestia dela esaten dute, dena da garestia, noski, baina Zumarraga lorategirik gabe uzten ari dira. Hori bai, lorontziak nonahi. Natura loreontzietan!
Udalek modu egokian kudeatu behar dute gure herri eta hirietako kaleetako zuhaiztia. Hiriko lorazaintza herrien berezko baldintzetara egokitu behar da, zuhaitzek dituzten funtzio garrantzitsuenak bete ditzaten.
Plangintza-prozesu horretan, hainbat faktore hartu behar dira kontuan: zer leku dugun, leku bakoitzean zein den espezie egokiena eta zer egin behar den zuhaitz bakoitzak bere onenak eman ditzan.
Hori behar bezala egiten ez denean, Zumarragan gertatu dena gertatzen da, eta hori da, hain zuzen ere, saihestu behar dena. EZ MOZTU GEHIAGO!