Cristina Lagé Turismoko zinegotzi ordezkariak Roca Rey toreatzaileari sari bat eman dio aste honetan, iazko Aste Nagusian Illunben faenarik onena egin omen zuelako.
Eguzkik beti salatu du Donostiako Udalak Illunbeko zezenketen sustatzaileei ematen dien laguntza EZINBESTEKOA.
Azken urteotan, Udalak, auzi honetan duen erantzukizun zuzena ezkutatu nahian, zera argudiatu du, zezenketak jarduera pribatua direla eta berak ez duela jarduera horretan inolako erantzukizunik.
Baina horrela balitz, Turismo zinegotziak zergatik eman beharko luke sari bat? Udalaren egitekoa al da pertsona bat saritzea zezenak hiltzeagatik espektakulu bihurtuta?
Donostiarrok, behintzat, ez ditugu zezenketak txalotzen, ezta saritzen ere. Izan ere, Udalak berak enkargatutako inkesta baten arabera, herritarron % 71ren iritziz, EZ da onartu behar udal-instalazioak zezen-ikuskizunetarako erabiltzea.
Gauzak horrela, nor ordezkatzen ari zen zinegotzia aipatutako saria eman zuenean? Donostia zezen-sarraskiekin nahastea nahi ez duen gehiengoa edo zezen-sarraskiekin gozatzen omen duen gutxiengoa?
Gainera, prentsa-kronikaren batean irakurri dugunez, faena biribiltzeko edo, Lagé zinegotziak esan zuen “zezenketa kultur munduaren funtsezko zutabea dela”.
Gauzak horrela, Eguzkik Goia alkateari espresuki galdetu nahi dio ea bat ote datorren Turismo zinegotziak egindakoarekin (saria ematearekin, alegia) eta esandakoarekin.
Kontuan izan behar da hau ez dela horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia. PSEko zinegotziek urteak daramatzate toreatzaileei sariak ematen, seguruena mundu horretan bozka batzuk lortuko dituztelakoan. Baina Donostiako Udalaren eta donostiarren izenean ari dira. Eta hori larria da. Hori ezin da nolanahi onartu.
Zezenketei dagokienez, PSEko zinegotziek beren burua ordezkatzen dute, edo, gehienez ere, alderdiarena Ez besterik. Eta donostiarron iritziaren inguruan oraindik zalantzarik badituzte, galdetu baino ez dute egin behar.