Iraeta-Narrondo zatian berriro ere agerian geratu da Aldundiak bidegorriak eraikitzeko epeak etengabe urratzen dituela
2023-04-05
Partekatu - Compartelo
Bidegorria eraikitzeko egokitu behar diren tuneletako bat. Urte bat beranduago, ezer ere ez da mugitu.
Aldundiak astelehenean agiri baten bidez jakinarazi zuenez, Foru Kontseiluak zein Batzar Nagusiek onartu berri dute Eusko Trenbide Sareakin Iraeta eta Narrondo bitarteko bidegorria egiteko hitzarmen bat sinatzea. “Urolako Bide Berdea amaitzetik askoz ere gertuago dago”, irakur daiteke testuan. Alegia, berriz ere propaganda, “hau aurrera doa”, esango baligu bezala. Ez autokritikarik, ez azalpenik.
Romero eta Arriola 2022ko otsailean, Iraetako tren-geltoki zaharrean, itxurak egiten. Argazki hau Foru Aldundiaren webgunetik bertatik berreskuratu dugu.
Lanak, ordea, ez dira 2023arekin batera hasi. Are gehiago, martxoan jakin genuen, Zestoako eta Zumaiako alkateek eginiko salaketa publiko baten bidez, Eusko Trenbide Sarearen eta Foru Aldundiaren arteko hitzarmena oraindik sinatu gabe dagoela. Eta Aldundiak asteleheneko agirian diosku baietz, sinatu gabe dagoela, Iraetako iragarpen hartatik urtebete pasatu den arren, baina dagoeneko dena prest dagoela eta “berehala” sinatuko dela. Hau da, urtebete bat gehiago joan zaigu, nola ez dakigula, baina, arestian esan bezala, “hau aurrera doa”.
Urtebete gehiago joan zaigula diogu. Izan ere, bidegorri-zati horren lehen atzerapena balitz, tira, gaitz erdi. Ez da, ordea. 2019an, Aldundiak lanak urte hartan bertan hasiko zirela esan zuen. Atera kontuak.
Bidegorri horrek zeharkatu beharko duen bigarren tunela.
Bidegorriek metatzen dituzten etengabeko atzerapenak sarri aipatu ditugu azkenaldion, ezinbestez aipatu ere. Izan ere, Iraeta Narrondo adibide bat gehiago baino ez da. Aldundiak berak ezartzen ditu bidegorriak eraikitzeko epeak, baina gero bat bera ere ez du errespetatzen. Gauzak horrela, bidegorri-proiektuek barraskiloen abiaduran doaz edo, hobeto esan, barraskilo motelenen abiaduran. Joan den astean Errenteria-Irun kasua aipatu genuen, baina orain dela bi bat hilabete Lezo-Donibane aipatu behar izan genuen, eta ez askoz lehenago Errekalde-Galarreta. Nolanahi ere, askoz gehiago dira dagoeneko eginda egon behar luketen baina oraindik bukatu gabe edo hasi ere egin gabe dauden bidegorriak, hala nola, Usurbil-Santuene, Usurbil-Orio, Mutriku-Saturraran, Urnieta-Andoain, Andoain-Villabona, Ordizia-Zaldibia, Mendaro-Elgoibar, Bergara-Antzuola… Eta ez pentsa zerrenda osatuta dagoenik.