Chillida Bidea proiektuak agerian utzi du Errekalde-Galarreta bidegorriaren atzerapena
2023-05-04
Partekatu - Compartelo
Egia da, gaur egun ez dago Chillida Lekura oinez edo bizikletaz iristeko modurik. Hala ere, bidegorri hau estrategikoa bada, Urumea eta Oria bailara lotuko dituelako da.
Datorren urtean Eduardo Chillida jaio zeneko mendeurrena izango dela eta, hainbat ekimen martxan jarri dira eta horietako bat da Chillida Bidea, Haizearen Orrazitik Chillida Lekura oinez eta bizikletaz joatea ahalbidetu nahi duena. Proiektu horren berri eman zuen lehengoan Donostiako Kultura zinegotzi Jon Insaustik.
Egia esan, Chillida Bidea dagoeneko existitzen da, salbu eta azken-azken zatian. Izan ere, gaur-gaurkoz, Chillida Lekura ezin da iritsi ez oinez ez txirringaz. Arazo hori saihesteko, Udalak Defentsa Ministerioarekin Lore Tokiko zalditegi militarrean barrena pasatzeko baimena negoziatu nahi duela iragarri du Insaustik. Berez, hori da Chillida Bidea proiektuak dakarren berrikuntza bakarra, gainerakoa, esan bezala, dagoeneko eraikita dagoelako. Eta berrikuntza hori, esplizituki aitortzen ez bada ere, Errekalde-Galarreta bidegorri-proiektuak pilatutako atzerapenaren ondorio da. Izan ere, bidegorri hori da Chillida Lekuko irisgarritasun-arazoak modu estrukturalean konpondu behar dituena. Ikusiko dugunez, oso-oso atzeratuta dator, ordea…
Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planaren arabera, badira dagoeneko eginda beharko luketen baina oraindik egin gabe jarraitzen duten hainbat bidegorri. Horietako bat da Errekalde eta Galarreta bitartekoa, 2021. urtetik zerbitzuan egon behar lukeena. Are gehiago, bidegorri-proiektu batzuei buruz, tarteka, albisteak argitaratu izan dira urteotan zehar, baina honi buruz ez. Izan ere, bazirudien Errekalde-Galarreta bidegorria Rafaela Romerok zuzendutako Mugikortasun Depertamentuak berak zeharo ahazturik zuela, harik eta, guretzat behintzat ustekabean, orain dela pare bat urte lehen lerrora pasatu zen arte, antza denez, Markel Olano diputatu nagusiaren eta Chillida Lekuko zuzendari Mireia Massaguéren arteko elkarrizketa baten ondorioz. 2021eko urtarrilaren 24an Massaguék berak zera esan zuen DVn argitaratutako elkarrizketa batean: “La ausencia de una comunicación más fácil es la principal barrera que aleja al museo del público. Venir aquí en bicicleta es un suicidio, no pueden pasar más camiones por esta carretera. El principal escollo para conectar con el público es la accesibilidad de Chillida-Leku”.
Hernaniko bidea, Errekaldetik ikusita. Ezker aldean ikuten den eremua Lore Toki da.
Handik egun batzuetara, zehatz-mehatz urtarrilaren 30ean, DVn bertan honako hau irakurri genuen (*): “El bidegorri llegará hasta Chillida Leku el año que viene” (2022an, alegia). Eta honako hauek ere bai: “El proyecto comunicará los 1,2 kilómetros que separan Rekalde de Galarreta y tendrá un presupuesto de en torno a los 1,7 millones de euros” eta “La construcción del bidegorri en este trayecto se ejecutará en el plazo de dos años, pero los técnicos del departamento estiman que para 2022 ya estará listo el tramo que llega hasta el museo”.
Bada, 2022a atzean geratu zen, 2023an dagoeneko bete-betean gaude, legegintzaldia ere bukatu da eta Errekalde-Galarreta bidegorriaren arrastorik ez dago. Kontuan izan bidegorri hori garrantzitsua dela (garrantzitsua izan beharko lukeela, behintzat) ez soilik Chillida Lekuri zerbitzua emango diolako, jakina, baizik eta Urumea bailarako eta, oro har, Gipuzkoako ekialdeko bidegorriak eta Oria bailarako zein kostaldeko bidegorriak lotzen ahalbidetuko duelako.
Nolanahi ere, arestian esan bezala, Gizpuzkoako Oinarrizko Bidegorri Sarea atzerapen asko metatzen ari da eta Errekalde-Galarreta atzeratutako bidegorrietako bat baino ez da. Kontuan izan sare horrek amaituta edo ia amaituta egon beharko lukeela, baina behin eta berriro salatu dugunez, barraskilo-abiaduran doa eta aspalditik dago zentzuzko edozein epetatik kanpo. Oraindik egin gabeko edo osatu gabeko bidegorrien zerrenda luze baino luzeagoa da… Errenteria-Irun, Lezo-Pasai Donibane, Usurbil-Santuene, Usurbil-Orio, Narrondo-Zestoa, Mutriku-Saturraran, Urnieta-Andoain, Andoain-Villabona, Ordizia-Zaldibia, Mendaro-Elgoibar, Bergara-Antzuola…
Hona hemen datu ofizial ezin adierazgarriago bat: Gipuzkoako Bizikleta Bideen Planak 2013 eta 2021 bitartean 207 kilometro bidegorri eraikitzea aurreikusi zuen; bada, 70 baino ez dira eraiki, % 33,8.