Ekainaren 3an, hau da, lauranbatean, 44 urte beteko dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys del Estal ekologista donostiarra buruan tiro bat jota hil zuenetik. Tuteran gertatu zen hilketa, zentral nuklearren eta Bardeako Tiro Poligonoaren kontrako mobilizazio baten jazarpen polizialaren baitan.
Urteurrena dela eta, Eguzkik eta Gladys Gogoan kolektiboak aurten ere ohiko omenaldia antolatu dugu Gladys Enean. Normalean urteurren-egunetik gertuen dagoen asteburuan egin ohi da, baina aurten ekainaren 3a larunbatean tokatzen denez, 3an bertan egingo da.
Hitzordua 12:00etan izango da, parkeko ate nagusian. Handik igoko gara erromerian goiko ordekara, Gladysen oroitarria dagoen lekura. Han egingo da omenaldia, aurreskua, lore-eskaintza, kantak eta gainerako ohiko osagaiekin.
Hitzordua 12:00etan parkeko ate nagusian izango bada ere, ordu erdi bat lehenago, 11:30ean, Gladysen lagun talde batek beste hitzordu bat jarri du Bulebarrean omenaldira bizikletaz joan nahi dutenentzako. Ez da berez bizikleta-martxa bat izango, baina animatzen dena ongi etorria izango da.
Behin baino gehiagotan esan dugun bezala, guk Gladys ez dugu gurtzen, amabirjina edo santu laiko bat balitz bezala. Guk Gladys gogoratzen dugu. Eta gogoratzen dugu gure laguna, gure kidea izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako. Baina Gladys ez dugu horregatik bakarrik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako, inoiz baino gehiago, gainera, hori posible bada, behintzat. Horregatik aurtengo omenaldian ere egungo egoeraz hitz egiteko tarte bat utziko dugu.
LEMOIZ GAUR etzi, ostegunean, KMn, Roge Blascoren eskutik
Omenaldiaren osagarri gisa, LEMOIZ GAUR izeneko jardunaldia antolatu dugu Koldo Mitxelenan atzi, ostegunean, 19:00etan. Bertan, Roge Blasco kazetariak bi film dokumental labur (bakoitza 15 minutu ingurukoa) eskainiko ditu.
Roge ezaguna da batez ere Radio Euskadin ia berrogei urtez LEVANDO ANCLAS saioa zuzendu duelako. Orain, berriz, erretiroa hartuta, gustuko duena egiten jarraitzen du bere Youtube kanalean. Hain justu, kanal horri dagozkio KMn proiektatuko dituen dokumentalak. Xumeak badira ere, bertute handi bat dute, plazaratzen baitute aspalditik erantzunaren zain dagoen galdera: zer egin Lemoizko zentralarekin eta inguruko lursailekin?
Eguzkiren iritziz, galdera horren inguruan ardaztutako eztabaida soziala ezinbestekoa da, Eusko Jaurlaritzak, 2019tik zentralaren jabe denak, eztabaida saihestu duen arren. Beti izango da une egokia horrelako eztabaida bati ekiteko, baina gaur egungoak bereziki egokia dirudi. Zergatik? Jaurlaritzak azken urteotan Lemoizerako sustantu duen arrain-haztegi handiaren proiektua bide bazterrean geratu delako, ez dakigu behin betiko, baina bolada luze baterako behintzat bai. Izan ere, hainbat urtez proiektuarekin bueltaka ibili ondoren, interesatuta egon zitekeen inbertitzailerik ezean, Next Generation funts europarretako dirulaguntzak eskatzeari berari uko egin behar izan dio Jaurlaritzak.
Lemoizen zor historiko handia dago, baita aukera bikaina ere, bereziki ingurumenaren alorrean.