Eguzki talde ekologistak, Orereta-Errenteriako Udalak 2022ko irailean eskatutako informazioa guri emateko ezarritako epe guztiak igarota, gaia Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzaren esku jarri behar izan du.
Adierazi den bezala, Eguzkik 2022ko irailean eskatu zion Udalari Gamongoa sektoreko Plan Orokorraren aldaketa puntualaren udal-onarpenaren aurka jarritako administrazioarekiko auziari buruzko dokumentazioa. Udalak behin eta berriz ukatu digu informazio hori, gure ustez lege-oinarri nahikorik gabe, eta horren ondorioz, 2023ko otsailean Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordearen babesa eskatu genuen.
Eusko Jaurlaritzaren menpeko administrazio honek 2023ko martxoaren 21eko 20/2023 Ebazpena eman zuen aho batez, eta, bertan, Udalari eskatu zion eskatutako dokumentazioa gehienez ere 10 eguneko epean emateko. Ebazpen horietan nahitaezkoa denez, bi hilabeteko epean ebazpen horren aurka jotzeko aukera zegoela jakinarazi zitzaion, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarrita.
Aurreratu dugunez, Udalak ez ditu aintzat hartu ebazpenaren bi erabakiak, ez digu dokumentazioa eman, eta ez du administrazioarekiko auzi-errekurtsorik aurkeztu. Nagusikeriazko jarrera hori onartezina da administrazio publiko batean, eredugarria izan behar baitu administrazio publikoak oro har hartzen dituen eta nahitaez bete beharrekoak diren ebazpenak betetzeko orduan. Jarrera horrek ahuldu egiten du administrazioaren sinesgarritasuna, erakundeen arteko leialtasunaren printzipioa hausten baitu eta herritarrek informazio eta parte-hartze publikorako dituzten eskubideak mespretxatzen baititu.
Horregatik guztiagatik, herritar garen aldetik ditugun eskubideak bermatze aldera, 2023ko maiatzaren 29an Udalaren jarduera Gipuzkoako Fiskaltzaren esku utzi genuen, delitu izan daitekeeela ulertuta.