Albistea

  • Zezenketen kontrako manifestazioa Donostian, Aste Nagusiaren atarian

    2023-08-04
    Partekatu - Compartelo

    Gaur goizean Donostiako Udaletxean plataformak eskaini duen prentsaurrekoa.

    Gaur goizean Donostiako Udaletxean plataformak eskaini duen prentsaurrekoa.

    Gipuzkoako Plataforma Antitaurinak prentsaurreko bat eskaini du gaur Donostiako Udaletxean, Aste Nagusiaren atarian egingo duen manifestazioaren berri emateko.

    Manifestazioa abuztuaren 12an izango da, 18:00etan, Bulebarrean.

    Hona hemen kartela:

    kartelaEguzki manifestazio-deialdiarekin bat dator, noski, eta parte hartzera espresuki animatzen zaituzte.

    PRENTSAURREKOAN ZABALDUTAKO ADIERAZPENA

    2023ko abuztuaren 12an Donostiako Aste Nagusia hasiko da eta enpresari partikular bati alokatutako areto publikoan 18 zezen heriotza arte izango dira torturatuak.

    Udal honek ondo asko daki donostiarron gehiengo zabalak ez duela zezenketarik nahi gure hirian. Ez dugu ulertzen jaialdi dela dioten horretan animaliei tratu txarrak eragin eta hiltzea ogibide edota gozamenerako ariketa izatea.

    Badakigu ere zezenketak eragoztea posible dela. Udalak bere aretoak  egoki ez deritzen ekitaldietarako ez alokatzeko aukera du, halaxe izan delarik iragan hurbilean, herritarren presioari eta beste erakunde politiko batzuen nahiari jarraiki. Beraz, zezenketak ahalbidetzea Eneko Goia alkatearen borondatea da.

    Ez dugu nahi, ez Donostian ez beste inon ere, zezenen tortura eta erailketarik.

    Festen programan zezenketak ez azaltzen jarraitzea nahi dugu, ez baitira beronen parte. Hildakorik baldin bada, ez dira festak.

    Udalak urtero ematen duen faena onenaren saria desagertzea nahi dugu. Faenarik onena egiten ez dena baita.

    Halako jarduera nazkagarrietarako Udalak ezein areto publiko, fisiko zein ez fisiko, ez esleitzea nahi dugu.

    Goia jauna, XXI. mendean gaude eta zuk harro aldarrikatzen duzu etorkizunari begiratzen diozula, zureak dira esaldiok: “Aurrera egiteko aurrera urratsa egiteko garaia da, donostiar harro izateari bultzada ematekoa”. Zezen erailketak zaharrrak dira, oso zaharrak. Gure donostiar harrotasuna lotsaizun bilakatzen da.

    Udal gobernuaren pasibitatea salatu nahi dugu, halaber, Ilunbe erabilera anitzezko areto ez bilakatuz,  era horretan kirol premiei erantzun ematea  zein  zezenen erailketa eragotziz.

    Manifestazioan asko zein gutxi izan, morala eta etika beti aurretik!

    Gogoratu, Goia jauna:

    – ez dugu zezenketarik nahi,

    – ez zezenketei buruzko publizitaterik leku publikoetan,

    – ez toreatzaileentzako saririk.

    -5929409047429123774_1109 (1)


    Partekatu - Compartelo