Donostiako Udalak Okendotegin esku hartu gabe jarraitzen duenez, paraje hori zabortegi bihurtzetik gero eta hurbilago dago
2023-09-29
Partekatu - Compartelo
Honako hau eta testu bukaeran azaltzen direnak Okendotegin dauden haimaika hondakin-depositoetako batzuk baino ez dira. Testuan tertatutako bideoetan, batez ere bigarrenean, askoz gehiago ikus daitezke.
Donostiako Udalak Martuteneko Okendotegi bidean legez kanpoko hondakin-depositoen aurkako neurririk hartu gabe jarraitzen duenez, paraje hori bene-benetako zabortegi bihurtuko da berandu baino lehen. Ikus bideoak:
Joan den maiatzean, auzoan aspalditik dagoen kezkaren haritik, Eguzkik Udalari neurriak hartzeko eskatu zion, egoera islatzen duten hainbat argazki erantsita. Udalak, berriz, paraje hartako mantenu-lanak Aldundiari zegozkiola erantzun zigun. Gauzak horrela, Aldundiari egin genion Udalari eginiko eskaera bera. Aldundiak, ordea, honako hau erantzun zigun: “Udalean adierazi diotenaren aurka, Udalak berak bere gain hartu du eremu hori garbitzea”. Horren froga edo, Aldundiaren erantzunarekin batera zenbait dokumentu jaso genuen.
Dena dela, maiatzaz geroztik inork ez du Okendotegin esku hartu. Beraz, espero zitekeen bezala, legez kanpoko hondakinek pilatzen jarraitu dute. Horren lekuko dira testu honekin batera bidaltzen ditugun irudiak. Alegia, lau hilabete geroago, Okendotegik legez kanpoko zabortegi bihurtzeko bidean jarraitzen du.