Albistea
-
Nafarroako Gobernuak baimena eman dio Agrowind enpresari Erdialdean poligono eoliko zaharkituak ezartzen jarraitzeko
2023-11-24
Agrowind Navarra 2013 SL enpresa Larragan, Berbintzanan eta Miranda de Argan proiektatzen zituen parke eolikoak oraindik ez da eraikitzen hasi, Nafarroako Gobernuak proiektua jendaurrean jarri zuenetik 7 urte pasa eta gero, eta 2018an PSIS baten bidez onartu ondoren. Eta gaur egun jendaurrean dago, proiektuaren aldaketa berri batekin.
Honakoan ere, ezerezetik sortutako eta ia kapital sozialik gabeko enpresek gure lurraldean abian jartzen dituzten espekulazio-proiektu ugarietako baten aurrean gaude. Kasu honetan, gainera, aldaketa asko jasan duen proiektu bat izanik, ad hoc egokitutako legeria aplikatu zaio lotsagabeki, enpresari mesede egiteko eta haren iraunaldiari eusteko.
Agrowind Navarra 2013 SLren proiektua 2012an hasi zen, afektatutako udalei aurkeztu zitzaienean, eta 2016an jarri zen jendaurrean. Ahalmen eolikoari, ingurune fisikoari eta ingurumen inpaktuari buruz egindako analisiak, beraz, data hartakoak dira. 2018an, Nafarroako Gobernuak proiektuaren Udalaz Gaindiko Plan Sektoriala (PSIS) onartu zuen. Hala ere, enpresak ez zen poligono eolikoak eraikitzen hasi garai hartan, baimen guztiak izan arren.
Eta ez zuen hori egin horretarako gaitasunik ez zuelako. Enpresa 2013an sortu zen 4.000 euroko kapital sozial urriarekin, baina hori bai, egoitza sozial handi baten itxura eginez. Gaur egun ere agrowind.es webgunean ikus daitekeen bezala, Orkoienen automobilgintzako marka ezagun baten kontzesionarioa dagoen eraikin handia agertzen da Agrowinden publizitatean bere egoitza balitz bezala, irudian eraikina koroatzen duen auto markaren logotipoaren ordez berea jarrita.
Ezaugarri hauekin logikoa da enpresa honek proiektua eraikitzen ez hastea. Hala ere, Nafarroako Gobernuak PSISaren bizitza modu artifizialean luzatzea lortu zuen. Honela, 2021ean, proiektua onartu zenetik 3 urte baino gehiago igaro zirenean enpresak obrarik egin gabe, eta, beraz, iraungitzat jo behar zenean, Gobernuak, ustekabean, beste 5 urtez luzatu zuela adierazi zuen. Eta erabat modu irregularrean egin zuen, Foru Agindu baten bidez, zuzendu nahi zuena (Foru Dekretu bat) baino arau-tresna apalagoa izanik. Akats handi horren aurrean, justizia-auzitegiek baliogabetu zezaketena, Gobernuak berehala beste foru-dekretu bat onartu zuen, hura zuzentzeko.
Enpresak modu irregularrean lortu zuen epe luzapen horrek bere asmo nagusia betetzeko balio izan zion: proiektua aurrera eramateko gaitasuna zuen beste enpresa bati saltzea. Horrela, urte hauetan Agrowind proiektua saldu nahian zebilela zioten zurrumurruak izan dira nagusi, bai Saudi Arabiako inbertsio-funts ezezagun bati, bai Energía de Portugal (EDP) enpresari. Azkenik, egiaztatu ahal izan da 2022an Agrowindek enpresa bera eta bere poligono eoliko guztiak Saudi Arabiako Alfanar taldeari saltzea lortu duela.
Trikimailu hauek guztiak “anekdota hutsa” izan litezke, baldin eta proiektuak afektatutako ekosistemen osotasuna eta osasuna mespretxatuko ez balira. Izan ere, kontuan izan behar dugu proiektua 2012an hasi zela aztertzen, eta, proiektuaren eraginak ebaluatzeko jendaurrean jarri zen dokumentazioaren artean, Nafarroako Gobernuko Habitaten Sailaren txostena 2013ko abenduaren 31koa dela.
Guztiz eskandalagarria da ingurumen-azterketa erabat zaharkitua eta egungo errealitatearekin bat ez datorren proiektu bat mantentzea. Garai hartatik gaurdaino, energia berriztagarrien poligonoen “boom” handi bat gertatu da, proiektu honek afektatutako eremuak barne. Nahiz eta ingurumenaren arloko legediak ezartzen duen beharrezkoa dela aztertzea proiektutik hurbil antzeko beste azpiegitura batzuk jartzeak eragiten dituen inpaktu metatzaile eta sinergikoak, Nafarroako Gobernua faktore hau alde batera uzten ari da. Era berean, ez da aztertu kaltetutako eremuko florak eta faunak izan duten bilakaera, azken urteetan ere ez duena hoberantz egin, kontrakoa baizik, batez ere zonaldean instalatzen joan diren poligono eolikoengatik.
Sustrai Erakuntzaren Fundazioaren iritziz, onartezina da enpresa-talde honi eskaintzen zaion luzapena eta proiektu honen ingurumen-inpaktuak ebaluatzen dituzten tresnen erabilera irregularra. Beste behin ere, Nafarroako Gobernuak enpresen onura pribatua gizartearen interesen aurretik jartzen du. Hori ezin dugu onartu, eta Sustrai Erakuntza alegazioak aurkeztuko ditu.
Nafarroako behar energetikoak zehazteko plangintza demokratikorik eza, erregai fosilak ordezkatzeko politika argirik eza ( Nafarroako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioen eten – gabeko hazkundeak erakusten duen bezala) eta Foru Gobernuak borondaterik ez izatea energía ekoizpen eta banaketak % 100 publikoa, soziala, deskontzentratua eta deszentralizatua izan behar duela bermatzeko, gure lurrean behin eta berriz aurreikusten ari garena baino ez dute elikatzen: energia onura pribatuko ondasuntzat hartzea, non oligopolioak eta multinazionalak (pribatuak edo estatukoak) lurrak eskuratzeko norgehiagokan ari diren, azpiegiturak erosi eta saltzeko, batzuetan merkatu energetikoa menderatzeko eta beste batzuetan likidezia irabazteko eta zorrak estaltzeko, eta non gutxien axola duena iraunkortasun soziala eta ekologikoa den.
Nafarroan, 2023ko azaroaren 22a.
Sustrai Erakuntza Fundazioa