Behatokiaren sorrera aztertzeko jardunaldia egin dute, Eguzkik eta Nazio Eztabaidaguneak deituta.
2007-06-10
Partekatu - Compartelo
Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea lotzeko 2×2 errepidea. Altsasuko Zangitu eremuan (Nafarroa) egin nahi duten industrialdea. Bastidan (Araba) golf zelaia egiteko proiektua. Barakaldoko Zuloko-Ibarreta (Bizkaia) hezegunearen desagertzea, saltoki handiak eta errepideak egiteko. Lau proiektu, lau errealitate, lau gatazka. Proiektuaren bultzatzaileen (Administrazioa edo enpresak) eta herritarren edo herritarren taldeen arteko lau gatazka.
Lau horiei buruzko informazioa trukatu zuten atzo Nazio Eztabaidaguneak eta Eguzki talde ekologistak atzo Donostian antolatutako jardunaldian, baina beste hainbat ere izan zitezkeen.
Ingurumen gatazka konponbiderako behatoki baterantz izenburua izan zuen atzoko jardunaldiak. Eta bertan parte hartu zutenek agerian utzi zuten behatoki edo antzeko egituraren bat behar dela proiektu jakin batzuek gizartean eta ingurumenean eragiten dituzten gatazkak bideratzeko.
Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) Donostiako campusean bildu ziren eta bi arazo nabarmendu zituzten: «Alde batetik, informazioa ez da behar bezala ematen; bestetik, herritarrei proiektuei buruz duten iritzia eskatu zaienetan gero ez dela herritarren borondatea errespetatu. Horrek gatazkak eragiten ditu».
Gatazka, «herri mugimenduek eta administrazioek proiektu zehatzari buruzko interes edo iritzi kontrajarriak dituztelako» edo «proiektu horietan guztietan erabakiak hartzeko moduagatik».
Gatazka horiek konpontzeko eta herritarrek parte hartzeko dituzten aukerak izan ziren jardunaldiaren oinarria: herri galdeketak, parte hartzeko nukleoak edo epaitegiak.
Epaitegiei dagokienez, ondorioztatu zuten oso prozesu luzeak izaten direla eta epaitegiek salatzailearen aldeko epaia eman arren epaia ematerako proiektuak oso aurreratuak edo bukatuta egoten direla. Eta epaitegietako bidea, luzea izateaz gain, oso garestia ere badela. Hala ere, jardunaldian onartu zuten batzuetan epaitegietako bidea ez dela modu egokian erabili zenbait proiekturi aurre egiteko.
TRESNA ERAGINKORRIK EZ. Parte-hartzaileen esanetan, herritarrek parte hartzeko tresnak badaude. Herri galdeketak edo parte hartzeko nukleoak, esaterako. Baina Nazio Eztabaidaguneak eta Eguzkik nabarmendu dute parte hartzeko tresnak horiek ez dutela erabakitzeko ahalmenik, eta bertan erabakitakoa ez dela aintzat hartzen. «Ez dira erabakitzeko guneak eta horrek gatazkak areagotzen ditu».
Atzoko jardunaldian ingurumen gatazkak bideratzeko behatokiak izan beharko lituzkeen oinarriei buruz hitz egin zuten. Parte-hartzaileek nabarmendu zuten behatokiak, proiektuei buruzko informazioa gizarteratzeaz gain, erabakiak hartzeko ahalmena izan beharko lukeela, «erabakiak hartu arren erabakiak sinbolikoak ez izateko».
«Hori gatazkan dauden aldeek adostu beharko lukete», Nazio Eztabaidagunearen eta Eguzkiren iritziz. Erabaki sinbolikoetatik haratago, eraginkorra izango litzatekeen egitura bat nahi dute
Nazio Eztabaidaguneak lurraren erabilera demokratikoari buruzko jardunaldia egin zuen iaz. Orduan agerian geratu zen herritarren informazio jasotzeko, iritzia emateko eta erabakitzeko eskubidea. Atzo ere oinarri hori errespetatu egin behar dela esan zuten.
Atzokoa izan zen ingurumen gatazkak konpontzeko behatokiari buruzko lehen eztabaida publikoa. Nazio Eztabaidaguneak eta Eguzki talde ekologistak bat egin dute horrelako egitura baten premian, eta gorpuzteko bidea abiatu dute.