Euskal Herri ekologistarekiko konpromisoa berritu du Eguzkik
2007-07-01
Partekatu - Compartelo
1987ko ekainean sortu zen Eguzki talde ekologista, eta atzo urteurrena ospatu zuten, Altsasun
Duela hogei urte sortu zen Eguzki talde ekologista. 1987an, «hamaika arazo» zuen Euskal Herriak ingurumenari dagokionez. 2007an ere, arazoak hamaika dira, Eguzkiren ustez. Hori dela eta, «Euskal Herri libre, burujabe eta ekologistaren alde» duela 20 urte hartu zuten konpromisoa «inoiz baino beharrezkoagoa» ikusten dute. «Eguzkik Euskal Herriarekin duen konpromisoa berritzen du, gure lurraren alde lan egiteko, eta gure herriko pertsona kontziente orori Euskal Herria ekologiatik eraikitzeko gonbita egiten dio».
Eguzki Iruñean sortu zen, duela hogei urte. Eta, Nafarroatik atera gabe, Altsasun irudikatu zuten atzo konpromiso horren berritzea. Eguzki erakundearen egungo eta aspaldiko dozenaka kide bildu ziren Altsasura, urteurrena ospatzera. Eguerdian ekitaldi publikoa egin zuten, eta ondoren herri bazkaria egin zuten, frontoian, non 20 urte horietako borrokak jasotzen duen bideoa ikusi baitzuten.
GARAIPEN HANDIAK ETA TXIKIAK. Eguzkik dio 20 urteren buruan ez datorrela esku-hutsik. «Garaipen handiak lortu izan dira, Lemoizkoa adibidez, bai eta garaipen xumeagoak ere, hala nola gure herri askotako proiektuak gelditzea. Hala ere, gure lurraren kontrako erasoa etengabea da, sistematikoa, geldiezina, eta lanean jarraitzen ez badugu, orain arte egindakoak ez du ezertarako balio izango».
«Euskal Hiria» izena du, Eguzkiren ustez, Euskal Herrian pentsamolde bakarra ezartzeko asmoa. «Euskal Hiria kontzeptu horren azpian, edozein planteamendu ekologista nahiz izaera propioko Euskal Herri baten defentsaren aurkako proiektua ezkutatzen da. Interkonektaturiko hiri erraldoi horrek bere zerbitzura jartzen du lurraldea, eta sakrifikatzen du, eta berarekin dakar hirigintza basatiari lotutako era guztietako azpiegituren ugaltzea. Gainera, hori guztia marketin berde batez hornitzen dute, jasanezina dena iraunkor gisa saldu nahi diguna».
Hogei urtean eginiko lana trinkoa izan dela uste du Eguzkik. «Ekologiaren arazoa gizarteratzea eta euskal gizartean ingurumenaren aldeko jarrera gero eta handiagoa sortzea lortu da. Arazoei aurre egiteko hainbat koordinakunderen jaiotza ikusi izan dugu (Sakana eta Leitzarango autobideen kontrakoak, Garoñakoa, Superportukoa eta Itoizkoa, besteak beste), eta horietako askotan Eguzkik lan ukaezina egin zuen, sorreran lagunduz, gure egoitzak lagaz edo gure lan ahalmena haien alde jarriz».
Euskal Herri libre, burujabe eta ekologikoa lortzeko bidea luzea izanen dela uste du Eguzkik. «Merkatarien Europak, ekonomiaren mundializazioak eta bertako zein kanpoko burgesiak errukirik gabeko atzealdea duen kapitalismo baten alde eginiko apustuak proiektu eutsiezinak ekartzen jarraitzen baitute».