Albistea

  • Garoña itxi dezaten eskatzeko ekimenak indartuko dituzte

    2007-09-26
    Partekatu - Compartelo

    Manifestazioa egingo du zentral nuklearraren aurkako plataformak urriaren 20an, Gasteizen.

    «Une erabakigarria bizi du Garoñako zentral nuklearrak, eta itxiera agintzeko Gobernuak behar duen bultzada ematen saiatuko gara». Hitz horiekin arrazoitu ditu Araba Garoñarik Gabe plataformako bozeramailea Alberto Friasek datozen hiru astetan egingo dituzten ekimenak. Enpresa Batzordeen bidez Arabako langileen atxikimendua lortzen saiatuko da plataforma. «Garoñaren kontrako adierazpenen artean adar hori falta zitzaigun». Sindikatu guztiak arduratuko dira atxikimenduak biltzeaz, plataformaren baitan baitaude.

    Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Paulino Luesmarekin biltzeko asmoa dute plataformako ordezkariek datorren astean. Garoñako zentral nuklearraren itxieraren aldeko posta txartelak eramango dizkiote, Arabako gizartearen iritzia izan dezan. Urriaren 20an manifestazioa egingo du Araba Garoñarik Gabe plataformak ekimenei bukaera emateko. Foru Plazan hasiko da, arratsaldeko zazpietan.

    Garoñak bizi duen unearen garrantzia azpimarratu zuen Friasek ekimenen berri emateko prentsaurrekoan. «Datorren urteko martxoan Espainiako hauteskunde orokorrak izango dira, hau da, hilabete gutxi gelditzen zaizkie legegintzaldi hasieran agindutakoa betetzeko», gogoratu zuen Friasek. Itxiera azkar egiteko eskatu zuen gainera, zentral nuklear baten itxiera ez baita «egun batetik bestera» egiten. 1.999an hamar urte gehiagorako luzatu zuen Segurtasun Nuklearrerako Batzordeak Garoñako zentralaren ustiapena. Zentrala 2009a baino lehen itxi egin daitekeela argitu zuen Friasek, ordea.

    ITXIERAREN EGUTEGIA. Ezker Batuak Garoñaren itxierarako egutegi bat zehazteko eskatu zuen atzo Arabako Biltzar Nagusietan, Araba Garoñarik Gabe plataformak ekimenen berri eman zuen egunean. Espainiako Gobernuak iragarritako itxiera atzeratu dezakeela deritzo Jose Miguel Fernandez EBko bozeramaileak. Hori gerta ez dadin Arabako Foru Aldundiak zer egingo duen galdetuko dio Jose Miguel Fernandezek Arabako Foru Aldundiko Ingurumen Departamenduari.


    Partekatu - Compartelo