Albistea

  • Garoñako zentral nuklearra ixteko nahia berretsi dute ehunka herritarrek Gasteizen

    2007-10-21
    Partekatu - Compartelo

    Alderdi politiko gehienek babestu dute Araba Garoñarik Gabe ekimenak deitutako manifestazioa.

    Jakina izanagatik ez du indarrik galtzen. Arabarren gehienek Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearraren itxiera nahi dute. Instituzioak, sindikatuak, gizarte eragileak eta hiritarrak hamaika aldiz agertu dira itxieraren alde azken urteotan. 1.500 lagun inguruk nahi hori berretsi zuten atzo Gasteizko kaleetan, Araba Garoñarik Gabe ekimenak antolatutako manifestazioan.

    Herriaren hitza errespetatu, Garoña itxi orain leloa zuen pankartaren atzean sindikatu guztietako eta Arabako alderdi politiko gehienetako ordezkariak bildu ziren, PSE-EE eta PPkoak izan ezik. Garoñako zentralaren itxieraren aldeko mugimenduak ziklo bat bete duela azaldu zuen Alberto Frias Araba Garoñarik Gabe ekimeneko bozeramaileak. «Udalerriak, sindikatuak… gizarteak agerian utzi du bere jarrera; zentrala ixteko erabakia hartu behar du orain Espainiako Gobernuak». Erabaki hori politikoa dela azpimarratu zuen Friasek, ikuspegi teknikotik ez baitago zalantzarik itxieraren inguruan. Energia eskariari aurre egiteko ez dela beharrezkoa nabarmendu zuen. «Arazoa ez da energetikoa, demokratikoa baizik», nabarmendu zuen.

     

    «Erabakiak hartzeko unea da», aldarrikatu zuen Mikel Mintegi Arabako Ingurumen Saileko Foru diputatuak. «Aldundia hamaika aldiz agertu da itxieraren alde, gizarteak berak egin duen bezala; Espainiako Energia eta Industria Ministerioari dagokio orain erabakia hartzea». Itxiera derrigorrezkoa dela nabarmendu zuen, baina ez bakarrik ikuspegi ekologiko batetik. «Inguruan bizi direnen osasunarekin ere kezkatuta gaude». Pankartatik metro batzuk atzerago Arabako gizartearen ordezkaritza zabalak bere iritzia ere argi utzi zuen.

    MANIFESTACIÓN PARA PEDIR CIERRE DE LA CENTRAL NUCLEAR DE SANTA MARÍA DE GAROÑAITXIERAREN ZAIN. Nuklearrik ez, eskerrik asko leloa zuen bandera eskuan oihuka egin zuen 72 urteko Jose Miguel Ortizek manifestazioko bide gehiena. «Orain dela urte asko PSOEri eskatzen genion zentrala ixteko, gero PPri eta orain berriro PSOEri. Ea behingoz kasu egiten diguten!». Zentral nuklearraren kontrako hamaika manifestaziotan egon dela azpimarratu zuen, «ezin izango nituzke zenbatu», eta etorkizunean jarraituko duela aurreratu zuen. «Erronka moduko bat da; Garoña itxita ikusi behar dut hil aurretik!».

    «Arriskutsua da, ikuspegi energetikotik ez dugu horren beharrik, herriak eskatzen du…». Hamaika arrazoi eman zituen segundo gutxitan Mikel Fernandez de Retana gazteak zentralaren itxierari buruz galdetutakoan. «Erabakia hartu behar duena zentraletik gertu biziko balitz, baietz erabakia azkar hartu?».

    Edadetuak, haurrak, gazteak… Arabako gizartearen bozgorailu bihurtu ziren atzo. «Ea hau egin behar dugun azken aldia den», bukatu zuen Ortizek.

     

    «Espainiako Gobernuak Garoña ez ixteko arrazoia ez da energetikoa, demokratikoa baizik»
    alberto frias
    araba garoñarik gabeko bozeramailea

    «Arazoa ez da ekologikoa bakarrik; inguruan bizi direnen osasunarekin kezkatuta gaude»
    mikel mintegi
    arabako ingurumen diputatua

     


    Partekatu - Compartelo