Berria. Ekologista bihurri talde bat gara eta, abenduaren 24a ere zure berri izan gabe pasatu dela ikusirik, gutun hau bidaltzen dizugu…
Ekologista bihurri talde bat gara eta, abenduaren 24a ere zure berri izan gabe pasatu dela ikusirik, gutun hau bidaltzen dizugu, 706 euro zor dizkiguzula gogorazteko. Badakigu oso okupatuta egongo zarela Errege Magoek egin behar omen dizkiguten opariekin —-Astigarragan geratuko den abiadura handiko tren elektrikoa, Urumeako scalextrix-a, Monpaseko exin pasabidea eta beste hainbat jostailu—-, baina ez dugu egun gehiago pasatzen utzi nahi guri dagokiguna eskatu gabe.
Orain dela bederatzi hilabete, ekintza batzuk egin ahal izateko 2.100 euroko laguntza eskatu genion Udalari. Hainbat gestio egin ondoren, 706 emango zizkigutela agindu ziguten. Geroztik, zure laguntzaile guztiekin hitz egin dugu, behin eta berriro hitz egin, gainera, baina oraindik ez dugu euro bakar bat ere ikusi.
Badakigu aurten nahiko erradikal jokatu dugula zure gusturako, baina aspalditik ezagutzen gaituzu eta ondotxo dakizu gu ez garela otzanetakoak. Hori bezain ongi dakizu, ordea, diru hori zor zaigula, eta ez dugula litxarrerietan gastatuko.
Egia esan, urte bukaera hau nahiko tristea izan da guretzat. Gure gelako biri (Sabinori eta Albertori) Auzitegi Nazionaleko erregeek (majoak izan ezik edozer diren errege horiek) jolas-garairik gabe eta urte askotako patioarekin zigortu dituzte. Momentuz, Gabonak gurekin pasatzen ari dira, baina auskalo noiz arte.
Zu ere, Odontzero, triste egongo zara, noski. Izan ere, ikatza erretzeak ingurugiroari kalte egiten diola esan du Al Gorek eta, horrela jarraituz gero, berandu baino lehen txondorrak egiteari utzi beharko diozu. Oro har, suarekin jolas egiteari utzi beharko zenioke. Batez ere Zubietan jarri nahi duzun zabor erraustegiarengatik esaten dugu, jakina.
Tira, 706 euro zor dizkigula gogorarazten dizugu, eta badakizu euskaldunen artean itsusia dela zorrak kitatu gabe ibiltzea.