Berria.Enbatak sortu dituen triskantzak ikusita, gaizki egingo genuke baldin eta, horietatik fundamentuzko ezer ikasten saiatu beharrean, halabeharraren ondorio huts balira bezala jokatuko bagenu. Itsasoa itsaso da, jakina, baina gizakia gizaki, eta, ondorioz, gogoeta egin beharko luke. En Gara en castellano [08-04-01].
Lehenik eta behin esan beharra dago aurreikuspenak huts egin duela edo, hobeto esan, gainera zetorkigun enbataren ondorioak ez zirela behar bezala neurtu eta, are gutxiago, herritarrei komunikatu. Izan ere, zazpi metroko olatuak bazetozela iragarri zuten, bai, baina, antza denez, horrek ekar zitzakeen ondorioak kalkulatzeko ez zuten behar bezala kontuan izan egun horretako marea 4,5 metro alturakoa izango zela, ezta haizearen indarra ere. Beste batzuetan, haizete, elurte edo hotzaldien aurrean, aurreikuspenek eta adi egoteko abisuek askoz hobeto funtzionatu dute. Enbatak, berriz, ia ezustean harrapatu gaitu.
Enbatarekin zuzen-zuzenean lotuta ez dagoen arren, Maro-rekin gertatu denak ere zer pentsaturik eman beharko liguke. Jaizkibelen hondoa jo duen (edo Jaizkibelen aparkatu dutela esan beharko genuke?) itsasontzi horrek agerian utzi du itsas segurtasun zerbitzuak ez direla oso-oso eragingarriak. Eskifaia, zorionez, ongi erreskatatu zuten, baina ontzia? Itsasbeheran, ia oinez joan zitekeen Maro-raino, eta, hala ere, itsasoak birrindu egin du. Erregaia berreskuratzeko aukerarik ere ez omen dute izan. Egia esan, ez dakigu zer gertatu zen 95 metro luzeko ontzi horrekin. Hondoa jo zuenean, itsasoa bare zegoen. Motorra matxuratuta, ezin izan zieten atoiontziei deitu? Hiru miliara baino ez zeuden! Ezin izan zuten 20-25 metroko sakoneran aingura bota? Baina garraiatzen zituen 54 tona gasolioren inguruko esplikazioak dira harrigarrienak. Lehenengo bertsioaren arabera, lurrundu egin ziren. 48 orduan! Txan Magoak berak ere nekez lor zezakeen horrelakorik! Bertsio hori ez zela inolaz ere sinesgarria ikusirik, bigarrena eman zuten: «Erregaia, itsasoaren eraginez, tanta txikitan desagertu da». Eta? Isuriaren larria horrela arinduta geratzen al da? Denbora pasatuko dela, Maro-rekin zehatz-mehatz zer gertatu zen jakin gabe jarraituko dugula eta, gainera, ontzia olatuen mende geratuko dela iruditzen zaigu. Denborak esango. Nolanahi ere, kasu honek Jaizkibelgo superportuaren inguruan gogoeta egitera bultzatu beharko gintuzke. Segurtasun zerbitzuek ezin izan badute 48 orduko epean 54 tona erregai berreskuratu, zer gertatuko litzateke hondoa jotako ontziak 60.000 baino gehiago eramango balitu? Hondamendia saihesteko orduan ere lurruntze gaitasunaz fidatu beharko ginateke?
Jarrai dezagun, baina, enbata ondorengo gogoetekin. Arestian esan bezala, itsasoa itsaso da eta normala da orain dela gutxi arte bere-bereak izan dituen eremuak tarteka berreskuratzen saiatzea. Horregatik enbatak Donostian eta Zarautzen inon baino triskantza handiagoak sortu izana ez da kasualitatea, Donostian eta Zarautzen itsasoari beste inon baino tarte handiagoa kendu diotelako. Itsasoari kendu dioten tarte horretan pasealeku ederrak-eta egin dituzte, denok gozatzeko modukoak. Eta ondo da, baina izan gaitezen kontziente: zenbat eta itsasoari tarte handiagoa kendu eta zenbat eta tarte horretan gauza gehiago ipini, enbaten ondorioak ere gero eta larriagoak izango dira. Horregatik ez dugu ulertzen, esaterako, zergatik Donostiako alkatea dagoen hain tematuta Monpaseko pasealekuarekin. Donostiak sekulako itsas pasealekua dauka, 7,5 kilometrokoa, eta horri eusten eta tarteka konpontzen nahikoa lan dauka. Zergatik tematu Monpasen beste fronte bat irekitzen? 7,5 kilometroko pasealekuari 800 metro gehitzeko? Ongi pentsatu al dute zer gertatuko den Monpaseko «pasarela arin» horrekin lehengo egunen jo zuen bezalako enbata batek jotzen duenean? Edo zer gertatuko zatekeen alkateak Pasealeku Berrian eraiki nahi zuen kirol portua aurrera atera izan balitz? Gogoan izan enbatak gogorren jo duen lekuan bertan eraiki nahi zuela Odon Elorzak portu hori. Lortu izan balu, belaontziak oraindik Bulebarrean barrena ibiliko lirateke, batera eta bestera.
Detaile bat. Urtarrilean, Espainiako Ingurune Ministerioak 2,5 milioi euro gastatu zituen Gipuzkoako hondartza batzuen hondarra berdintzen. «Regeneración de playas» esaten diote, hots, itsasoak eta haizeak barrualdera eramandako hondarra atzera berriz itsasertzera eramatea. Ez dago esan beharrik lan hori guztia eta diru hori guztia gau bakar batean pikutara joan dela.
Azken gogoeta. Diru publikoa sobera omen dago, gauza batzuetarako, behintzat. Baina horrek ez du esan nahi edozein proiektu –Monpasekoa, kasu– ontzat eman behar dugunik. Zenbat eta itsasoari tarte handiagoa kendu eta zenbat eta tarte horretan erabilpen turistiko eta ekonomiko gehiago egin, gero eta handiagoak izango dira enbaten triskantzak. Nahikoa daukagu itsasoari kendu dioguna defendatzen, beharrezkoak ez diren –eta Monpasen bezala beste ikuspuntu batzuetatik kaltegarriak diren– abentura gehiagotan sartu gabe.