Albistea

  • Bioerregaien ondorioz munduan elikagaien prezioak %75 igo direla dio Munduko Bankuak

    2008-07-04
    Partekatu - Compartelo

    berria. 2008.07.04 AEBetako Gobernuak zioen bioerregaiek soilik %3ko igoera eragin zutela elikagaien prezioetan. MBren esanetan, bereziki AEBen eta Europaren eskariak igoarazi ditu prezioak, artoa, garia eta beste labore batzuk bioerregaiak ekoizteko bideratu baitu eskari horrek.

    elika

    Londresen egoitza duen The Guardian egunkariak filtratu du MB Munduko Bankuaren txostenaren berri. Kazetari jarraiki, txostena apirilean bukatu zuen finantza erakundeak, baina ez du ezagutzera eman ez zuelako AEBetako presidente George Bush estutu nahi. Izan ere, elikagaien garestitzea Txinak eta Indiak beren eskaera handitu izanari leporatu dio Etxe Zuriko buruak.

    Txostenaren arabera, garapen bidean diren estatuen errentaren hazkunde bizkorra ez da islatu laboreen kontsumoaren igoera handian, eta horrek ez du eragin prezioen igoera handian.

    “Australian izan diren idorteek ere soilik eragin txikia izan dute elikagaien prezioen igoeran”, dio MBk. Alabaina, prezioen igoera AEBek eta Europak bioerregaiak gero eta kantitate handiagotan eskatzen aritzeari egotzi dio.

    “Bioerregaien eskariaren hazkundea gertatu ez balitz, munduko gari eta arto erreserbak ez ziren hain nabarmen gutxituko, eta beste eragile batzuen ondorioz izandako prezio igoerak moderatuak izango ziren”.

    Munduko Bankuaren agiri sekretuaren ondorioak -The Guardian-ek filtratuak- une kritikoan datoz, hain justu, heldu den astean G8koen bilkura -munduko zortzi estaturik aberatsenena- egingo baitute Japonian. Elikagaien mundu mailako krisia eta bioerregaien erabileraren hazkundeak krisi horretan duen eragin nabarmena izango dira goi bileraren ardatzetako bat.

    Oxfam gobernuz kanpoko erakundeko ordezkari Robert Baileyk gogor kritikatu ditu agintari eta gobernuburuen politika neoliberalak: “Iduri du agintari politikoek ezabatu eta baztertu nahi dituztela erregaiek elikagaien prezioen azken igoeretan duten eragin garrantzitsua”.

    “Politikariak industrietako lobby-ak kontent uzten saiatzen dira, baina herrialde pobreetan bada zer jan ez daukan jendea”, salatu du Baileyk.


    Partekatu - Compartelo