Albistea

  • AHT kritikatu du Elorrietak, eta «jende xehearentzako tren bat» eskatu

    2008-07-05
    Partekatu - Compartelo

    berria 2008.07.05 Abiadura Handiko Trenak (AHT) baduela alternatibarik esan du Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak. Trenbideak modernizatu eta egokitzeko eta «jende xehearentzako tren bat» sortzeko eskatu du Elorrietak. Ekintza sindikala egiteaz aparte, gai horren inguruan «kontzientzia kritikoa» sortu behar dela uste du ELAk.

    ELAk Tolosako (Gipuzkoa) Leidor antzokian sindikatuko ehunka ordezkari bildu zituen atzo. Elorrietak hitz egin aurretik, Mikel Noval ELAko gizarte politiketako arduradunak eta Janire Dominguez ELAko ingurumen arduradunak hitz egin zuten, eta AHTren aurka egoteko ELAk dauzkan arrazoiak aletu zituzten. «Ikastera edo lanera joateko ez du balioko; AHT pasatuko den herrietan, pasatzen besterik ez dute ikusiko», esan zuen Novalek. AHTk ez dituela mugikortasun arazoak konponduko erantsi zuen Dominguezek. Hori arrazoitzeko datua eman zuten: AHTk lau geltoki izango ditu, eta hiriburuen arteko mugimenduak, ELAren arabera, %1 baino ez dira Bilbo, Donostia eta Gasteizen artean.

    AHTk salgaien garraioa errepidetik aterako duenik ere gezurra dela adierazi zuten ELAko kideek. Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketa bat erabili zuten hori argudiatzeko. «Egungo trenbide sarea hobetzea da konponbidea», ikerketak dioenez. Trenbide sare «konbentzionala» hiltzen utzi dela ere salatu zuen Novalek. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek «hasieran» esan zuten, AHTk ez zuela garraioaren arazoa konponduko, Novalen hitzetan. «Gero aldatu egin zuten iritzia eta azpiegitura mistoa izango zela esan zuten», alegia salgaiak eta pertsonak eramateko balioko zuela. Baina Novalek argitu zuen ikerketak «ez duela zehazten», zer salgai mota garraiatuko duen AHTk.

    Euskal Y-aren kudeaketa esku pribatuetan uztea oso larria eta «eskandalua» dela salatu zuen Dominguezek. ELAko ingurumen eta gizarte politiketako arduradunek AHTk ingurumenean izango duen eragina ere kritikatu zuten, eta hura eraikitzeko erabili asmo diren 6.000 euroak gizarte gastura bideratzea ez ote litzatekeen hobe galdetu zuten.

    AHTren kontra dagoen mugimendua «kriminalizatzeko» ahalegina ere salatu zuten Dominguezek eta Novalek, azpiegituraren kontrako ekintza bortitzak gaitzesteaz aparte.

    AHT, Madrilen erabakia

    AHTren inguruan hausnarketa egiteak askorako ematen duela esan zuen Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusiak, autogobernu maila nolakoa den ikusteko, adibidez: «Hau ez da Eusko Jaurlaritzaren erabakia, Madrilena baizik». «Hori da daukagun autogobernu maila: Estatuaren plana defenditzea».

    Eusko Jaurlaritzako ordezkariek AHTri buruz herri galdeketak egiteari dioten beldurra ere nabarmendu zuen Elorrietak. «Lehendakaria egunero irteten da komunikabideetan eta galdetzen du ea nork dion beldurra galdeketari», esan zuen eta, Juan Jose Ibarretxeri zuzenduz, erantzun: «Zuk zerorrek».

    Elorrietaren iritziko, AHTri buruzko herri galdeketak oztopatzeko Eusko Jaurlaritzako ordezkariek erabili dituzten argudioak erabiliko ditu Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen herri galdeketa debekatzeko.

    «Agintari politikoen buruan ez da sartzen tamaina honetako proiektuek duten dimentsio soziala» gaineratu zuen Elorrietak. «Proiektu estrategikoei buruz hitz egiten dutenean, euren negozioei buruz ari dira». Proiektu estrategikoak kulturan, gizarte ereduan eta multikulturalismoan ere behar direla aldarrikatu zuen, baina «hemen dena hormigoia» dela eta «hormigoiaren atzean negozioa» dagoela salatu zuen.

    Manifestazioa

    Goizeko ekitaldiaren ostean, Leidor antzoki paretik irten, eta Tolosako kaleak ibili zituzten ELAko ordezkariek. «Ez, ez, ez, AHTrik ez» eta «Bai, bai, bai, tren soziala bai» leloak oihukatu zituzten bidean. Lopez Mendizabal plazan amaitu zuten protesta, ELAren egoitzaren aurrean.

    AHTk ez dituela pertsonen eta salgaien mugikortasun arazoak konponduko eta lanak gerarazteko eskatu zuten manifestariek. ELAk uste du lanak ez gelditzeak ondorio tamalgarriak ekarriko lizkiekeela euskal gizarteari, ingurumenari eta ekonomiari.

    Abiadura handiko trena pasatuko den herrietan, pasatzen besterik ez dute ikusiko»

    Mikel noval

    ELAko politika sozialeko arduraduna

    «Proiektu estrategikoei buruz hitz egiten dutenean, euren negozioei buruz ari dira»

    JOSE ELORRIETA

    ELAko idazkari nagusia


    Partekatu - Compartelo