Albistea

  • Desjabetze aktak lurretan sinatzea exijitu dute Goierriko hainbat hautetsik

    2008-07-08

    berria/gara 2008.07.08 Bihar dira sinatzekoak Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen Ordezkaritzaordetzan AHTren (Abiadura Handiko Trena) Ordizia eta Itsasondo (Gipuzkoa) arteko zatia eraikitzeko desjabetze aktak. Hori salatzearekin batera, eskari bat egin diete Beasaingo eta Ordiziako (Gipuzkoa) alkateei AHT Gelditu! Elkarlanak eta eskualdeko EAE-ANV, Aralar eta EB-Berdeetako hainbat hautetsik: «Aktak idatziz jasotzea beren udaletxeetan eta, batez ere, lurjabeen lurretan egiteko bidea ireki dezatela». Horrekin batera, AHTren eraikuntza bertan behera uzteko, eta herritarren artean garraio eredu sozial bati buruzko eztabaida «sakona eta benetakoa» hasteko galdegin diete Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.

    Haien arabera, aktak Espainiako Gobernuak duen ordezkariordetzan sinatzeak «zapalkuntza bikoitza dakar: udalen eskumenena batetik, eta lurjabeen eskubideena bestetik. Horrekin batera, gaiaren inguruan dagoen «desinformazioa» salatu dute. Ezkutuan ibiltzea leporatu diete Beasaingo eta Ordiziako udalei. «Beasaingo alkateak pasa den osteguneko udalbatzan esan zuenez, ia ziur dago Ordizia-Itsasondo zatiko lurrentzako hondakindegia ez dutela Erauskin auzoan egingo. Ordiziako alkateak, berriz, guztiz kontrakoa zioen». «Lotsagarria» iruditzen zaie herritarrei halako informazioak ezkutatzen ibiltzea. «Are gehiago Erauskin auzoko bi lurjabe deitu dituztenean beren lurrak desjabetzeko asmoz». Hori guztia salatzeko, elkarretaratzeak antolatu dituzte biharko. Lehena 10:00etan egingo da, Espainiako Gobernuak Gipuzkoan duen ordezkaritzaordetzaren parean. Bestea19:00etan izango da, Ordiziako Jakes etxearen parean.

    Espainiako Gobernuaren eta Jaurlaritzaren jokabidea ere kritikatu dute. Azaldu dutenez, Jaurlaritzak ez du Ordizia-Itsasondo zatiaren ondoren eraikiko direnen inguruko informaziorik eman: «Beasainen eta Legorretan kaltetuak izango ote diren ez dakiten lurjabeak daude, ez eta baserria botako dieten edo AHTren ibilbidetik metro gutxi batzuetara bizitzen utziko dieten».

    Proiektuak «goierritar guztiak» kaltetzen dituela iritzi diote, «Azpiegitura hau ez da herritarrentzat pentsatutakoa. Ez da beraiek dioten moduan, ez ekologikoa eta ezta soziala ere». Hala, azpiegitura guztia egiteko 8,1 milioi , metro kubo<+> porlan beharko dela azaldu dute. «Porlan hori ibilbidetik ahalik eta gertuen dauden harrobietatik atera beharko dute. Baina harrobi horiek guztiak ez dira existitzen gaur egun. Itxitakoak ireki edo berriak eraiki beharko dituzte». Horri lotuta, Ekologistak Martxanek duela gutxi kaleratuta ikerketa ekarri dute gogora. Han jasotzen denez, Gipuzkoan erein daitezkeen lurren %40 baino gehiago okupatuko dute harrobi horiek. Goierri eskualdean hiru harrobi eraikitzea aurreikusten du Eusko Jaurlaritzak: bat Ataungo San Gregorion, eta, beste bi, Zerainen.

    Bizkaiko lanak aurrera doaz

    Atzo hasi zituzten, bestalde, Abadiño-Durango (Bizkaia) zatiko lanak. Aldez aurretik Basauri-Galdakao zatian hasi zituzten lanak Bizkaian.Abadiño-Durango tarteak 3.520 metro izango ditu. Horietatik 1.116 metro zubi bidezkoak izango dira, eta 1.674 metro tunel bidezkoak.

    Lanek 50,7 milioi euroko aurrekontua izango dute. Espainiako Gobernua izango da lan horiek ordainduko dituena. «Berriz ere frogatu da Espainiako Gobernuak AHT bultzatzeko erabakia hartu duela», dio Mikel Cabiecesek, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak.

    Goierriko AHT Gelditu taldeak mobilizatzeko deia egin die herritarrei gara