Albistea

  • CO2 isurketak murrizteko akordioari planto egin diete Txinak eta Indiak

    2008-07-10
    Partekatu - Compartelo

    BERRIA. Gas isurketetan «murrizketa sakonak» egiteko konpromisoa hartu dute munduko hamasei herrialde kutsatzaileenek

    Diru laguntzekin elikagaien krisia indartzea leporatu diete G5koek herrialde aberatsei

    Munduko zortzi herrialde industrializatuen konpromisoa kolokan geratu da Indiak eta Txinak 2050erako gas isurketak erdiraino murrizteko akordioari planto egin ondotik. Hala ere, Hokkaidoko (Japonia) goi bilera «arrakastatsutzat» jo dute G8koek. Klima aldaketari aurre egin eta CO2 isurketak murrizteko, berriz, bete beharreko ezein akordio sinatu aurretik, ekonomia emergenteen adostasuna lortzea ezinbestekotzat jo dute G8koek. Txinak eta Indiak argi adierazi dute, ordea: ez daude gas isurketak murrizteko moduan, horrek beren ekonomia garapenari erasanez gero behintzat. Hala, ia asmo hutsezko adierazpenean geratu da herenegun G8koek hartutako konpromisoa.

    «Indiak ezin du gas isurketen murrizketa kuantitatiborik egin momentu honetan», adierazi du Manmohan Singh Indiako Lehen ministroak. Indiak bezala Txinak ere hartutako erabakia defendatu zuen atzo. Txina industrializazio eta modernizazio prozesuan dagoela, eta, hortaz, oraindik ere garatu eta hobetu egin behar duela azaldu du Hu Jintao Txinako presidenteak. Prozesu horretan gas isurketak murriztea oztopo hutsa da, antza, Txinako Gobernuarentzat. Txinak eta Indiak munduko CO2aren %25 isurtzen dute.

    Aberatsak vs. emergenteak

    G5 taldeko kideekin -Brasil, Hegoafrika, India, Mexiko eta Txina- , Australiarekin, Hego Korearekin eta Indonesiarekin bildu ziren atzo G8koak, Japoniako goi bilerako hirugarren eta azken egunean. Herrialde horiek munduko CO2aren %80 baino gehiago isurtzen dute. Hala ere, isurketen «murrizketa sakona» egiteko konpromisoa baino ez zuten hartu, data eta portzentaje jakinik adostu gabe. Datorren urtean Kyotoko Protokoloa ordezkatuko duen akordioa hitzartzea ebatzi zuten.

    Herrialde aberatsek -AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak, Japoniak, Kanadak eta Italiak- murrizketa kuotak epe motzera ezarriko dituztela adierazi dute; garatzeko bidean dauden herrialdeek, berriz, etorkizuneko isurketen handitzeak etengo dituztela hitzeman dute Hokkaidon. «Epe luzera emaitzak lortzea teknologia berritzaile, eskuragarri eta aurreratuagoen esku dago», adierazi dute munduko hamasei herrialde kutsatzaileenek. Bizitzeko, ekoizteko eta energia erabiltzeko modu berriak ezinbestekotzat jotzen dituzte horretarako.

    Oinarri jakinik gabeko akordio horretaz gain, soilik Australia, Hego Korea eta Indonesia agertu dira prest 2050erako gas isurketak erdira murrizteko. «Inork ezin die eskatu garatzeko bidean dauden herrialdeei beren hazkundea sakrifikatzeko. Gasen murrizketa hazkundearekin bateragarri egiteko modua aurkitu behar da», adierazi du jasotako erantzuna ikusirik Japoniako Gobernuak.

    Klima aldaketaz gain, G8koek erregai eta elikagaien prezioaren gainean eztabaidatu dute Hokkaidoko goi bileran. Halaber, Zimbaweko Gobernuaren aurka hartu beharreko neurriek eta Afrikara bidalitako diru laguntzak ere izan dituzte hizpide bilkurako azken egunean. Hala, George Bush Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Zimbaweri zigorrak ezartzeko G8koen sostengua lortzeko asmotan bazen ere, Errusiaren ezezkoarekin egin du topo.

    Ekonomia emergenteek, bestalde, elikagaien krisia herrialde aberatsek beren nekazariei ematen dizkieten diru laguntzek areagotu baino ez dutela egiten salatu dute. Gainera, nekazaritza produktuentzako merkatu araudi berezia sortzea aldarrikatu dute.

    Petrolioaren prezioaren garestitzea dela eta, G8ko kideek eskaintza handitzeko eskatu diete petrolio gehien ekoizten duten herrialdeei.


    Partekatu - Compartelo