Lan prozedura ezegokia ikusi du Osalanek AHTko istripu hilgarrian
2008-07-15
Partekatu - Compartelo
berria 2008.07.15 Abiadura handiko trena eraikitzeko lanetan hildako beharginaren lan prozedura ezegokia zela ondorioztatu du Osalanek, istripua gertatu ondoren ikertzera joan ziren bi teknikoek eginiko lehen txostenaren arabera. Enkofratuari eusteko egitura metalikoaren zati bat gainean erori zitzaion Florian Popa 51 urteko langileari, eta segituan zendu zen.
Arabako Arratzua eta Legutio udalerriak lotuko dituen burdinbide berriaren zatian gertatu zen istripua, eta azpiegituran izan den lehen ezbehar hilgarria da. Hain zuzen ere, Luku eta Miñao herrien artean lanean ari ziren hildakoa eta beste lankide bat, Santa Engrazia ibaia gaindituko duen zubian. Goizeko bederatziak inguruan egitura metalikoaren lehen zatia erori eta bigarrena Poparen gainera eraman zuen. Larrialdi zerbitzuak iritsi zirenerako hilik zegoen. Beste langilea onik atera zen.
Hildako langilea errumaniarra zen, eta iragan maiatzaren 19tik Mecanotubo enpresarekin zuen kontratua. Konpainia horrek egoitza Bartzelonan du, baina ordezkaritza bat ere badu Bilbon. Azpiegitura handietan erabiltzen diren egitura metalikoak muntatzeaz arduratzen da. AHTko zati horren kontratista nagusia Tecsa eta Altuna y Uria enpresen arteko aldi baterako lan elkartea da. Sustatzailea, berriz, Adif da, Espainiako tren azpiegiturak kudeatzeaz arduratzen den administratzaile publikoa, Sustapen Minis- terioaren barnean. Kontratistak nahiz sustatzaileak istripuaren nondik norakoak argitzeko ikerketa bana abiatuko dutela iragarri dute.
Sindikatuen protestak gaur
ELA, CCOO eta LAB sindikatuek ezbeharra salatu zuten, eta, nor bere kabuz, protesta elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko Arabako hiriburuan. Goizeko 11:00etan ELA Espainiako Ordezkaritzaren aurrean elkartuko da, eta ordu erdi beranduago LABen deialdia dago, Espainiako Ordezkaritza ordearen aurrean. Azkenik, CCOOk kontzentrazioa egingo du Arabako Enpresaburuen Elkartearen aurrean, 12:00etan.
Sindikatu abertzaleen arabera, honezkero 50 langile baino gehiago hil dira Euskal Herrian aurten. ELAren irudiko, istripuan zenbait ezaugarri jakin biltzen dira – azpikontrata, etorkina edo bi hilabeteko antzinatasuna-, baina arrazoiei heltzeko «utzikeria erabatekoa» izatea egotzi die administrazio publikoari eta enpresaburuei.
CCOOk, berriz, fiskalaren esku-hartzea exijitu du, istripu hilgarriak gertatzen direnean ez ezik, lanean arrisku argiak daudenean ere enpresei jazartzeko.
Hala ELAk nola LABek AHTren proiektuaren zilegitasuna auzitan jarri dute. Burdinbidearen segurtasunari buruz asko hitz egin bai, baina langileen bizitza eta osasunari dagokion segurtasuna alde batera utzi dela kritikatu du LABek.