Donostian abiadura handiko trenaren (AHT) aurkako protestan Ertzaintzak herenegun atxilotutako 12 lagunak atzo goizaldean utzi zituzten aske. Sei lagun porlanez betetako bidoietara kateatu ziren Donostia erdialdeko kaleetan, eta trafiko nahasmen handia eragin zuten hiru orduz. Sortutako eragozpenak, ordea, AHTk eragingo dituenen aldean oso txikiak direla aldarrikatu zuten ekimenarekin. Kateatu ziren lagunei babesa agertu zieten beste sei pertsona ere atxilotuta eraman zituzten ertzainek, eta guztiek epaitegira joan beharko dute datozen egunetan, «desordena publikoa» leporatu baitiete atxilotutakoei.
AHTren aurka egunotan Zaldibian (Gipuzkoa) egin den kanpaldia amaitzeko, ehunka lagun kalejiran abiatu ziren Bulebarretik, 18:00 aldean. Andia eta Urbieta kaleek Askatasunaren etorbidearekin bat egiten duten lekura iristean, Kontxako hondartzatik gertu, sei lagun porlanez betetako bidoietara kateatu ziren, errepidean. Beste bi lagun autobus batera igo eta Txikizioa gelditu! lelodun pankarta zabaldu zuten. Beste lagun bat biluztu eta, protestarekin bat eginez, errepidean etzan zen.
«Gaur desobedientzia zibilaren bidea hautatu dugu, AHTren aurkako mugimenduak sendo jarrai dezan», azaldu zuten protestaren lekuan bertan irakurritako idatzian. «Ekimen honek sortzen dituen eragozpenak oso txikiak dira AHTren obrak jadanik eragiten ari diren kaltearekin alderatuta, eta are txikiagoak azpiegitura honen eraikuntza osoak eragingo lukeenaren ondoan».
Hiru orduz trafikoa etenda
Ertzaintzaren auto eta furgoneta ugari bertaratu ziren protesta lekura, eta tentsio uneak izan ziren. Izan ere, AHTren aurkako mugimendutik jakinarazi zutenez, ertzainak gomazko pilotekin eta borrekin oldartu zitzaizkien bildutakoei. Autobusera igo ziren lagunak eta etzanda biluzik zegoen kidea atxilotu zituzten lehenik, eta baita sostengua ematera joandako hiru lagun ere.
Jende andana pilatu zen inguruetan protestak iraun zuen denboran. AHTren aurkakoek 6.000 eskuorri inguru banatu zituzten eta denbora osoan tren lasterraren aurkako oihuak egin zituzten. Errepidea itxita egon zen hiru orduz erdialdeko kale horietan.
Porlanezko bidoietara kateatu ziren lagunak askatzeko suhiltzaileen laguntza behar izan zen, eta luze jo zuen: hiru ordu eta zerramakinak nahiz mailu bereziak behar izan zituzten guztiak askatzeko. Iluntzeko bederatziak aldera askatu zuten azkena, eta guztiak Antigua auzoko ertzain etxera eraman zituzten atxilo.
Bart goizaldeko bostak aldera askatu zituzten guztiak. Atxilotuek azaldu dutenez, atxiloketa unean eta polizia etxean egon ziren denboran «modu txarrekin» tratatu zituzten ertzainek; baten batek «kolperen bat» jaso zuela eta «ahozko mehatxuak» ere pairatu zituztela adierazi dute. Aske geratu bezain pronto, Zaldibiara itzuli ziren ekintzaileak, guztiak «onik eta pozik» ekimenak izaniko oihartzunarekin.