Albistea

  • Poltsa (plastikozkoa) edo bizitza?

    2009-11-05
    Partekatu - Compartelo

    Hipermerkatuetan-eta plastikozko poltsak erretiratzen ari direla-eta

    Hipermerkatuetan-eta plastikozko poltsak erretiratzen ari direla-eta, produktu-banatzaile handi batzuek sekulako kanpaina mediatikoa sustatu dute. Poltson gehiegizko erabilerak planetaren bizitzari zenbat kalte egin diezaiokeen ikusarazi nahi omen diote kontsumitzaileari, eta horretarako nahiko telebista-iragarki apokaliptikoak ere prestatu dituzte.

    Urtetan defendatu dugu behin bakarrik erabiltzeko eta ondoren botatzeko produktuen erabilera murriztu beharra dagoela. Areago, hipermerkatuetan-eta poltsak neurririk gabe banatzea espresuki kritikatu dugu behin baino gehiagotan. Beraz, kanpaina hau ondo iruditu beharko litzaiguke; ekologiston tesiak gero eta gehiago onartzen diren sintomatzat ere jo genezakeen. Alabaina…
    “Alabaina, zer? Honen kontra ere jo behar al duzue?” Ez, baina kate handiak dira, neurri handi batean, gaur egun indarrean dagoen kontsumo eredua ezarri dutenak. Eta orain, berriz, Al Gore ecologista “erradikala”ren plantak egiten al datoz? Gauzak horrela, kanpaina ikuspegi kritiko minimo baten bahetik pasaraztea ezinbestekoa iruditu zaigu.
    Kanpainaren mezuak bi zati ditu. Lehenengoan, zera dioskute: gutako bakoitzak urtero 280 poltsa inguru erabiltzen duela; poltsok desegin gabe 400 urte ere iraun dezaketela, eta, bien bitartean, espezie askotako arrain, hegazti eta ugaztunak hil ditzaketela. Eta hori guztia egia da. Dena dela, harrigarria ere bada kate handiak orain arte plastikozko poltsek sor dezaketen kalteaz konturatu ez izana. Baina, tira, esan bezala, kanpainaren mezuak badu bigarren zati bat, kontsumitzaileari zuzen-zuzenean dagokiona. Mezuaren bigarren zatia honela laburbil daiteke: “Aizak/n, izan hadi arduratsu, errafiazko poltsa erabili eta ez jarraitu ingurunea izorratzen”.
    Eta, mezuaren lehenengo zatia ez bezala, bigarren hau zeharo faltsua da. Izan ere, ezin eutsizko kontsumoari mugak jartzea, funtsean, ez dago kontsumitzailearen esku, kate handien esku baizik, hau da, orain telesermoilari gisa agertzen zaizkigun horien esku. Kontuan izan behar da kateak izan direla, fabrikatzaileekin batean, gehiegizko bildukinen erabilera sustatu dutenak. Esaterako, haiek izan dira erabilera bat baino gehiagoko botilak baztertu dutenak, desagertzeraino baztertu ere. Eta orain al datoz kontsumitzaileak plastikozko hondakinak murrizteko aukera baduela esaka? Ez, jaun-andreok, kontsumitzaileak behin bakarrik erabiltzeko eta botatzeko botila baino ezin du aukeratu, ez dagoelako besterik. Izan ere, horrexetarako asmatu zuten puntu berde delakoa. Horren bidez, kontsumitzaileak berak ordaintzen du erabilera bakarreko botila, eta kate handiek eta fabrikatzaileek, berriz, aurrezten dituzte botila zaharrak biltzeak, bolada batez gordetzeak, fabrikara garraiatzeak eta berriz erabiltzeko moduan jartzeak sortuko lituzketen gastuak. Gainera, kontsumitzaile zintzoa baldin bada, botila berziklatze-edukiontzian sartuko du, doan sartu ere, horren kontura erabilpen bakarreko botila berri bat egin dezaten. Beraz, negozio biribila.
    Kate handiek zera dioskute: “Poltsei uko egiten badiezue, urtean 800/900 gramo plastikozko zabor gutxiago sortuko dituzue”. Baina, aldi berean, astero-astero, plastikozko ontzi itxuran, bataz beste kilo eta erdi zabor saltzen digute. Halaber, hipermerkatuetako apaletan era guztietako plastikoak aurki daitezke… PE, PP, PS, PET, PE, AD, PE, BD… Are gehiago, oso diru gutxiren truke, plastikozko zabor hori guztia zaborretara botatzeko plastikozko zabor-poltsak ere saltzen dizkigute.
    Kate handiek haragia Errumaniatik ekarri dute; barazkiak, Afrikatik; arrainak, Indiako Ozeanotik; esnekiak, ez dakigu zehatz-mehatz nondik, eta ura ere, saltokitik milaka kilometrora dagoen iturri batetik. Ezin eutsizko eredu bati jarraituta, bertako ekoizle eta bertako dendariak ere desagertzeko zorian jarri dituzte. Orain, baina, kanpaina berri batekin datoz eta zera sinistarazi nahi digute: eredu horrek sortzen duen arazo ekologikorik handiena kutxazainek banatutako ditxosozko poltsak direla, kontsumitzaileak neurriz gain erabiltzen dituelako.
    Une honetan, kontsumoa krisian dago eta, alde horretatik, ulergarria ere bada marketin-arduradunek kanpaina hau abiatu izana. Batetik, poltsen gastua (puntu berdea barne) aurrezten dute eta, bestetik, kate handiei ukitu berde bat ematen diote. Baina erantzukizuna kontsumitzaileari leporatzea ez zaigu bidezkoa iruditzen. Kate handiek ingurune alorrean fundamentuzko zerbait egin nahi badute, badakite zer egin behar duten: neurriz gaineko bildukinak murriztu, erabilera bat baino gehiagoko botilak erosteko aukera eman, plastiko kutsagarrienak material samurragoekin ordezkatu; bertako produktuak sustatu eta abar. Etekinak murriztuko lirateke, jakina, baina gure kezka “planetaren bizitza” bada… aitortu beharra dago aipatutako neurriekin alderatuta poltsena anekdota hutsa dela.
    Berriro esango dugu, badaezpada: poltsak erretiratzea edo murriztea ez zaigu gaizki iruditzen, are gehiago, bat gatoz; Baina fundamentuzko pauso gehiago eman ezean, propaganda hutsa da. Ez diezagutela poltsek basoa begi-bistatik ezkuta. Basoa geratzen den neurrian, behintzat; izan ere, igoal bota dute hipermerkatu bat eraikitzeko.

    Partekatu - Compartelo