Albistea

  • Golf belagia eta birkalifikazioak Lekarozen 252 etxebizitza egiteko

    2009-11-26
    Partekatu - Compartelo

    Baztango Lekarozko lurretan egin nahi duten Aroztegiako egitasmoari buruzko oharra da hau (golf belagia+hotela+eremu erresidentziala)

    baztan

    Baztango Lekaroz herrian egin nahi den Aroztegiako egitasmoari buruz, azken aldian, egunkarietan berri desberdinak argitaratu dira; haatik, egitasmoaren neurriaz egiazki jabetzeko datu bereziki garrantzitsuak isildu, mozorrotu edo arindu dituzte. Hala, prentsarako ohar honekin, berri horietan errandakoak argitu nahiko genituzke.
    Hasteko, egitasmoko 252 etxebizitzako egoitzaldearen inguruko isiltasunak biziki harritu gaituela erran beharra dugu. Egoitzalde hau, egitekotan, 750 biztanlerekin Baztango populazio-gune berrian bihurtuko litzateke (Lekarozek orain 300 ditu, eta Baztanek 7800). Haraneko lurraldearen antolaketan izanen lituzkeen ondorioak, bai eta haren garapen ekonomiko eta sozialean ere, ikaragarriak izanen lirateke. Bertzalde, indarrean dagoen Udal Planarekin guztiz bateraezina dela aipatu beharra dago, eta ez duela deus ikustekorik Baztanen dagoen etxebizitzen galdearekin. Hala, lur-zoru ez-hirigarria hirigarrian sailkatzeko erabakia, hotelarekin eta golf-belagiarekin mozorrotu nahi duten jokaldi espekulatzailea da.
    Halaber, Baztango udaletxeak NaBairen eta UPNren adostasunarekin, gaurgero, Udal Planaren aldaketa puntuala hasiera batez onartu duela erran beharra dago. Erabaki horri alegazioak aurkeztu zaizkio, eta horien edukiaren berri, aitzinago eginen dugun agerraldi publiko batean emanen dugu. Nolanahi den ere, egoitzaldea isilarazteko eginahalak, egitasmoaren inguruko interes ekonomikoak eta politikoak nolakoak diren erakusten digu, eta haren kalitatea zein den ere bai. Gisa horretan, baztandarrei zein begiramendu gutti diguten bistan gelditu da.
    Bigarrenik, egitasmoaren sustatzaileei buruzko informazioetan bada gauza bat argitzeko: “Palacio de Aroztegia” izena, “BALTEA promociones inmobiliarias”ek 2009. urtean hartzen duen izena dela. Hala, “Inmobiliaria Caixa-Galicia”k BALTEAn %50ko partehartzea duela aipatu beharra dago, eta bertze erdian partikular desberdinek partehartzen dutela. Horregatik, egiazko jabeen nortasuna isiltzea aski salagarria da, batez ere, egitasmoaren bulkatzaileak bertakoak direla saldu nahi baitute.
    Hirugarrenik, Lekaroztarren iritziari buruz aritu beharra dago. Lekarozko Batzarrearen deialdiari jarraikiz urriaren 4ean egindako herri-galdeketan, %48ko partehartze mailarekin herritarren %67 lurren birkalifikazioaren aurka agertu zen. Galdeketa hau Udal Planaren aldaketa puntuala hasiera batean onartu zela jakin, eta gero egin zen.
    Laugarrenik, eta akitzeko, tarrapataka egindako ohar hau, Aroztegiako gaiaren gainean kezkatuta dagoen baztandar batzuen izenean egiten dugula erran nahi dugu; hemendik guttira formalki antolatuko dena, eta, orduan bere burua jende aitzinerat publikoki agertuko duena egitasmoaren balorazio xeheagoa egiteko eta alegazioen edukiak ezagutarazteko.
    Baztanen, 2009ko azaroaren 26an.

    Partekatu - Compartelo