Albistea

  • AROZTEGIA…ETA GERO ZER?! taldearen aurkezpena

    2009-12-19
    Lekarozko Aroztegiako egitasmoaren kontra AROZTEGIA… ETA GERO ZER! taldea  agertu da, Baztango jendartearendako eta inguruarendako espekulatzailea, xehatzailea eta  neurrigabea den egitasmo hau geldiarazteko.

    AROZ.1

    Egitasmo honetan Aroztegiako eremuan hirigarriak ez diren mendi-mazel, baso, muino eta larre desberdinetan, hutsetik, 252 etxebizitza egin nahi dira, eta, horrek, mendi ingurune batean 750 biztanleko populazio-gune berria sortuko luke. Hala, orain artioko Baztango lurraldearen antolaketarekin hautsiko litzateke, eta baztango garapen eta bilakaera arrunt baldintzaturik geldituko litzateke. Lekarozek gaur egun 300 biztanle dituela erran behar da, eta Baztanen 15 herri daudela eta 7800 biztanle.
    Halaber, 2001eko zentsoaren arabera Baztanen 850 etxebizitza hutsik zeudela kontuan hartu behar da (etxebizitzen %22), eta momentu hauetan Babes Ofizialeko Etxeak desklasifikatzen ari direla merkatu librean saldu ahal izateko. Testuinguru horretan, zergatik egin nahi dute halako etxeketa?
    Dudarik gabe, jokaldi honekin bilatzen dutena alimaleko PELOTAZO bat da. Aroztegia erosi zutelarik, hango lurrak ez-hirigarriak ziren. Orain, hirigarri gisa sailkatzeroan, lur horien balioak merkatuko banaz bertzeko prezioak kontuan hartuz bider 23 egin du, eta, horrela, eremu horren balioa 8.800.000 euro ingurura iritsiko litzateke (1.400 milioi pezeta).
    PELOTAZOARENAK, bertzalde, ez gaitu bat ere harritzen; zeren egitasmoaren bulkatzailea den “Palacio de Arozteguia”ko nagusiak nor diren begiratzerakoan, parte hartzaile handiena (%50) Inmobiliria-Caixa Galicia dela ikus baitaiteke. Bertze erdian partikular desberdinak daude. Aroztegia, hortaz, zer da, euren bezeroendako inbertsio errentagarri bat? Lehen Levanten egiten zituztenen bertsio berdea?
    Proposatzen zaiguna hau da: Baztango etxebizitzen beharrarekin eta baztango egiturarekin, lurraldearekin eta nortasunarekin deus ikustekorik ez duen egitasmo urbanistiko bat, batzuen kontu korrontea itsuski handitzeko.
    Dudarik gabe, diru errazaren kulturan bizi gara, azkeneko hamarkada horren erakusgarria izan da, baina oraingo krisia eta honen ondorioak ilusio faltsu horren egiazko neurria dira. Ildo horretan, hain modu zakarrean huts egin duen ereduan tantartzea aski kezkagarria da, eta, nolanahi den ere, funtsean, aurkezten zaigun logika beldurgarria da: zeren Aroztegiako urbanizazioa hain positiboa bada, zergatik ez egin horrelako 100?
    Egitasmoaren inguruko solasak orain urte eta erdi hasi ziren. Denbora honetan udaletxea zergatik ez da herritarrekin bildu? “Palacio de Aroztegiako” ordezkariekin bai eta baztandarrekin ez? Bertzalde, aurtengo irailaren 7an NaBai buru duen Baztango udaletxeak UPNren babesarekin lurren birkalifikatzeko Udal Planaren “aldaketa puntualari” hasierako onespena eman zion. Gauzak horrela aski harrigarria iruditzen zaigu Iruñean, NaBai, Salesianoseko egitasmoaren kontra agertzea, hau espekulatzailea dela erranda, eta Baztanen Aroztegiakoa bulkatzea. Betiere, udaletxearen erabakiaren berri jakin eta gero, Lekarozen egin zen herri galdeketan %67 birkalifikazioaren kontra agertu zen (%26 alde, %7 xuri). Herritarren iritziak zenbat balio du? NaBai eta UPNko programetan non heldu zen halakorik? Halaber, orain gutti, Amaiurko herriak Aroztegiakoaren idurikoa zen Kisuako egitasmoari ezetz errran ziola oroitaraztea komeni da; zeren, egitasmo hauek, bulkatzaileek diotena bezain onak badira, zergatik agertzen dira proeiktuak ukitutako herriak egitasmo hauen kontra?
    Hala, lurren birkalifikatzeko Udal Planaren aldaketa puntualari  hasierako onespena eman eta gero, Lekarozko herriak aurkeztu dituen alegazioak aski argigarriak dira:
    – Birkalifikazioa Baztango Udal Planaren “aldaketa puntualaren” bidez egiten ari dira, baina prozedura egokia Udal Planaren “berrikusketa” litzateke, aldaketa honek Udal Planak lurraldearen egitura orokorra eta organikoari buruz ezartzen dituen irizpideak aldatzen baititu.
    – Udal Planaren arabera eraiki ezin den lurretan eraikiko litzateke: baso-lurretan, %10eko malda baino gehiago tokietan, tontorretan,
    – Bide publikoak hartuko lituzke
    – Egitasmoko lur zati bat “erabilera publikoko” mendia da, eta, haren erabileraren aldaketa egiteko eskumena Nafarroako Gobernuarena da
    – Golf belagien bideragarritasun eskasa, eta nekazal ingurunean duten eragina. Ur-beharra, lur-azpiko uren kutsadura, pestiziden erabilera, ongarri kimikoak… Gaur egun Lekarozek ur-hornidura arazoak dituela…
    – Egitasmoko lur batzuetan sutea egon zen 2005ean, eta, lur horien erabileran aldaketa egitea salbuesten du
    – Egitasmo hauek ez dute balio enplegua sortzeko. Enplegu bakarra eraikuntza aldira mugatzen da, eta, promozio handiak direnez kanpoko eraikuntza enpresek egiten dute
    – 2010eko ekainean POT2a onartuko da, eta, horren arabera, helburu partzial gisa etxebizitzen eraikuntza duten golf egitasmoak ez dira onartuko
    – Informazio publikora aurkezturiko esperndientean, espedienteak berak aipatzen dituen txostenak falta dira
    Gauzak horrela, egitasmoak Baztan osorako edukiko dituen ondorioak kontuan hartuta, erabiltzen ari diren bideak eta prozedurak ikusita, baztango herri desberdinetako herritarrak AROZTEGIA… ETA GERO ZER? taldean antolatu gara, egitasmo hau geldiarazteko, eta bertze gisako Baztan bat behar dugula eta merezi dugula agertzeko.
    AROZTEGIA… ETA GERO ZER?!
    Baztanen 2009ko abenduaren 17an