Herritarren parte-hartzea eskatu dute geltoki intermodala egiteko
Trenbidea lurperatzea eta tren geltoki berria egitea «egitasmo estrategikoak» direla gogorarazi du SOS Arriaga plataformak, baina gaineratu du Gasteizko Udalak ez duela ahaleginik egiten neurri horretako egitasmoek eskatzen duten adostasuna lortzeko. Herritarrek ez dute parte-hartzerik izan egitasmo horretan, eta dauden egitasmo aukeren inguruko eztabaidarik ere ez dela egin nabarmendu du. Horregatik, manifestaziora deitu du SOS Arriaga plataformak maiatzaren 22rako, geltoki intermodalaren egitasmoan herritarren iritziak izan beharko lukeen garrantzia aldarrikatzeko. Gasteizko Udalaren jokabidea behar bezain «gardena» ez izatea kritikatu du SOS Arriaga plataformako bozeramaile Angel Lamelasek. Geltoki intermodaleko autobus geltokia egiteko zortzi egitasmo aurkeztu dituzte, baina udalak ez die horien inguruko informaziorik eman herritarrei. Horrez gain, gogorarazi du udal taldeen artean adostasun falta handia dagoela. EAk, EBk eta PPk ere udalak aurreikusitako intermodalaren aurkako jarrera erakutsi dute. Horren harira, ados jartzeko eskatu diote udalari.